Bermeoko Udalak 2027ko aurrekontu parte-hartzaileen prozesua abiarazi du
Hilaren 25era arte izango dute bermeotarrek 2027ko aurrekontu parte-hartzaileetako proposamenak aurkezteko aukera. Udaletik nabarmendu dute 50.000 euro bideratuko direla herritarrek aukeratutako ekimena gauzatzeko.
Bermeoko Udalak 2027ko aurrekontu parte-hartzaileen prozesua abiarazi duela jakinarazi du. Hala, hilaren 25era arte bermeotarrek aukera izango dute udal aurrekontuaren zati bat nora bideratuko den erabakitzeko. Horretarako, hurrengo asteetan proposamenak jasoko ditu udalak, eta aurkeztutako proposamenen artean “bidegarritasun teknikoa gainditzen dutenak” bozkatu ahal izango dituzte, ondoren.
Kasu honetan, 50.000 euro bideratuko ditu udalak herritarrek aukeratuko duten ekimena gauzatzera. Prozesuaren lehen fasea martxan dagoela nabarmendu duten bitartean, herritarrek proposamenak aurkezteko modu desberdinak ahalbidetu dituztela gaineratu dute: “Udal eraikinetan horretarako prestatutako kutxetan, elektronikoki, eta baita ere karteletan eta udalaren hedapen-materialean eskuragarri dagoen QR kodearen bidez aurkeztu daitezke proposamenak”.
Bestalde, aurkezten diren ekimenek “irizpideren bat zein beste” bete beharko dituztela aurreratu dute: “Interes orokorrekoak izan beharko dira, udalaren eskumen eta ahalmenen barruan egon, eta gehienez 50.000 euroko kostua izan. Hautatutako proiektua zenbateko horretara iristen ez bada, gainerakoa, proposamen zerrendako beste proiektu batera bideratuko da. Proposamena inbertsio bat edo urte bateko kontratua izan beharko da”.
Aurkeztutako proposamen guztiak aztertu ondoren, “udaleko teknikari eta ordezkari politikoez osatutako mahai batek” horien bideragarritasun teknikoa eta ezarritako baldintzak betetzen dituzten ala ez egiaztatuko duela eman dute aditzera. Izan ere, prozesuak bost fase izango dituela bereizi dute udaletik. Alde batetik, promosamenak aurkeztea; bestetik, bideragarritasun teknikoaren azterketa; ondoren, proposamen onartuen zerrenda argitaratzea; gero, herritarren bozketa; eta azkenik, proiektu irabazlea jakinaraztea.
Iaz, 68 proposamen
Bide batez, gogoratu dute iazko aurrekontu parte-hartzaileen prozesuan 68 proposamen iritsi zirela bozketa fasera, eta finean, herritarrek Bike Park bat egiteko proposamena hautatu zutela, 210 botogaz: “Aurrekontu parte hartzaileen prozesuan ekimen bat garailea izateak, eremu edo jarduera horretara berriro prozesu honetako diru kopurua bideratzeko ezintasuna ezartzen du, hiru urtetan”.
Hori horrela, esan dute NAN edo AIZ duten eta Bermeon erroldatuta dauden adin guztietako herritarrek parte hartu ahal izango dutela prozesuan, eta zelan ez, herritarrak animatu dituzte proposamen desberdinak aurkeztera. “Herritarren inplikazioa funtsezkoa da aurrekontu parte-hartzaileen prozesuak udalerriko beharrizan eta interesei erantzun diezaien, eta herritarrek udal aurrekontuaren zati baten norabidean zuzenean eragiteko aukera izan dezaten”, amaitu dute.