Lagaren aldeko hurrengo urratsa, domekan
Laga Baketan Laga plataformak mobilizaziora deitu ditu herritarrak domeka honetarako [urriak 18], Kostaren eta Itsasoaren Espainiako Zuzendaritza Nagusiari zein hondartzako duna proiektuan ari diren "gainontzeko erakundeei" hura ez gauzatzeko eskatu asmoz.
Laga Baketan Laga herritar plataformak aurrera darrai hondartzaren aldeko babes hautuagaz eta bertan egin gura duten duna proiektua atzera botatzeko borrokagaz. Domeka honetarako [urriak 18], elkarretaratzea antolatu dute hondartzan bertan, 12:00etan, eta herritarrei beraien sostengua emateko eta hara hurreratzeko deialdi luzatu diete.
Mobilizazioaren noranzkoa oso argia izango da: proiektuaren ardura duten erakunde publikoei hura bertan behera uzteko eskatzea. Izan ere, plataformakideek nabarmendu dute gaur-gaurkoz egitasmoa “mamu” baten parekoa dela, alegia, edozein herritarrek “ezagutu” beharko lituzkeen xehetasunak “ez daudela inon argitaratuta“: “Ezta Buletin Ofizialen batean ere; proiektuak ez du aurrera egin aha izateko espedienterik, eta horrek esan gura du ezinezkoa dela ez haren aurkako legezko prozedura bat ireki, ez haren aurkako helegiterik aurkeztu”.
Egungo egoera hori, hain zuzen, legez kanpokoa dela azpimarratu dute hareatzaren aldeko taldekideek: “Urriaren 1eko 39/2015 Legeak, Erakunde Publikoen Administrazio Prozedura Komunarenak, argi eta garbi adierazten du edozein herritarrek administrazio publikoen gaien inguruan helegiteak aurkezteko eskubidea dutela”. Ez hori bakarrik: “Gardentasuna, Informazio Publikora Sarbidea eta Gobernu ona bermatu daitezela ahalbidetzen duen Abenduaren 9ko 19/2013 Legeak herritarrek jarduera publikoaren berri izateko daukaten eskubidea aintzatesten du, baita izaera publikoko informazioa eskuratzeko eskubidea ere”. Legeak xehetzen duenaren aurrean, baina, Laga Baketan Lagak aditzera eman du momentuz proiektuaren inguruko erakunde “interesatuek” besterik ez dutela haren berri: Kostaren eta Itsasoaren Espainiako Zuzendaritza Nagusiak, Eusko Jaurlaritzak eta Bizkaiko Foru Aldundiak.
Lagako prozesuan inplikatuta dauden erakundeak ez dabiltza betetzen Europar Batasuneko Zuzenbidean “integratuta” dagoen Aarhuseko Hitzarmenak zehazten duena
Hala, argitu dute ez dabiltzala betetzen Europar Batasuneko Zuzenbidean “integratuta” dagoen Aarhuseko Hitzarmenak zehazten duena: “UNECEren nazioarteko ituna da hori, eta herritarrek ingurumen alorrean dituzten eskubideak betetzen direla bermatzea du jomuga nagusi. Informazio eskumenez, parte hartze publikoaz eta justiziarako sarbideaz ari gara”. Aipatutako hiru erakunde publikoek “eta Arartekoak berak ezin hobeto” ezagutzen dituzte aipatutako araudia, baina momentuz ezinezkoa da helegite aurkezpenik egiterik. Hori bai, plataformak hainbat “eskakizun ofizial” egin ditu, zenbait alderdiri buruzko informazioa eskatu asmoz.
Alde batetik, espedientea, proiektu edo jarduera, organo sustatzailea eta organo arduraduna “identifika daitezela” eskatu dute, baita egungo izapidetze egoerari eta aurreikusitako hasiera datari buruzko informazioa ematea ere. Ekimenaren ertz esanguratsuenetako bati buruz gehiago jakitea ere eskatu dute: harea mugimenduen gainean. Besteren artean, eremu bakoitzean atera beharreko harea bolumena, helmugako eremu zehatzak eta bakoitzeko bolumena, harea hori guztia “atera, garraio eroan eta gordetzeko” aurreikusitako ibilbidea zein prozedura, erabiliko diren baliabide materialak edota makineria eta erauzketa nahiz ekarpen eremuak.
Plataformak proiektuaren inguruko dokumentazio teknikoa eta ingurumen txostenak “kontsultatzeko aukera” izan beharko luke
Bestetik, proiektuaren inguruko dokumentazio teknikoa eta ingurumen txostenak “kontsultatzeko aukera” izan beharko luke plataformak: “Ingurumen ebaluazioa, jarduketak duna, landaredia, fauna zein sedimentuen balantzean edukiko lituzkeen ondorioena, aztertutako aukerei buruzko dokumentazioa eta, hala badagokio, jarduerarik ez egiteko aukera aztertzen duena”. Justifikazio legal eta tekniko hori guztia eman arte, haren hasiera “atzeratu” behar dela adierazi dute.
“Praxi txarraren konplize”.
Eskakizun formal horrek, momentuz, ez du jaso proiektuaren inguruko erakunde publiko “bakar baten” erantzunik, Arartekoarena salbu: “Erantzuteko epea oraindik zabalik dagoenez, hark ezin omen du ezer egin”. Hala Eusko Jaurlaritzak, nola Bizkaiko Foru Aldundiak, gaur-gaurkoz, “beste alde batera begiratzen dutela” nabarmendu dute: “Kosta Zuzendaritzari nahi duena egiten uzten ari dira. Dokumentazioa publiko ez egiteak beregain dakarren praxi txarraren konplize dira; ez dute eukal gizartearen iritzi aintzat hartzen”. Alderdi politikoei dagokienez, hauteskunde aurreko aldiotan ez dute “ingurumen kontuetan busti” gura: “Beren interesak eta erakunde arteko kromo aldaketak babestera mugatzen dira. Ez ditugu interes horiek ezagutzen, baina badirudi Laga, euskal kostaldea eta herritarren iritzia baino garrantzitsuagoak direla”.
“Alderdi politikoak beren interesak eta erakunde arteko kromo aldaketak babestera mugatzen dira”
Plataformakideek aztertutako “ortoargazki, datu geologiko zein mapa kartografiko guztiek” argiki bistaratzen dute obrek harean, itsas mugimenduengan, hondartzaren morfologian, haren etorkizuneko erabilera publikoan edota dunen ustezko garapenean edukiko dituzten “ondorio negatiboak”: “Ezin daiteke besterik gabe lorezaintzara jolastu eta ekologisten mozorroa jantzi, makineria astuna erabilita duna artifizialak sortzeko; hipokresia behingoz alboratzeko unea da”. Beraz, auziari aterabide kolektiboa eman asmoz, inplikatuta dauden “erakunde eta ingurumen organismo guztiei” eskatu diete “informazio, eztabida eta partaidetza mahai bateratua” osatzeko: “Denona dena denon artean erabaki dezagun”.