4,75 kilo gaztaina, tonaka giro atsegin
Montorrealdea Guraso Elkarteak antolatutako Gaztañerre Eguna ospatu dute gaur [urriak 12] arteagarrek. Goizez, 4,75 kilo gaztaina bildu dituzte Atxarre aldean, eta, eguerdian, plazan bildu dira, haiek pisatu, dastatu eta jai giroan eguna ospatzeko.
Argazkia: Gautegiz Arteagako Udala. Udagoienari ondoetorri partikularra egiten diote urtero-urtero arteagarrek: Gaztañerre Eguna. Montorrealde Guraso Elkarteak antolatutako eguna berezia besteko ederra izan ohi da, haur, gazte eta helduak biltzen baititu. Urtero modura, garro biko egitaraua atondu du gaurko guraso taldeak: 10:00etan ipini dute hitzordu goiztiarra, Atxarre aldera joateko eta bertan, mendi txangoa eginez, gaztainak biltzeko.

Argazkia: Montorrealde Guraso Elkartea.
Iaz uste baino martxalari “gutxixeago” bildu baldin baziren, aurten berreskuratu egin dute parte hartzearen bolada: “50 lagun inguru abiatu dira Atxarrera, eta giro ederraz gozatu dute bertan”.

Eguerdian, ibilaldia biribilduta, herriko plazan bildu dira gaztainazaleak, mendian bildutakoa pisatzeko. Beste aldietan baino “askoz apalagoa” izan da aurtengo gaztaina kopurua: 4,75 kilo. “Urtero modura, herritar bakoitzak apustua egin du, zakuak zenbat kilo gaztaina ezkutatzen dituen igarri guran. Azkenean, egon da kopuru zehatza asmatzea lortu duen baten bat, eta asko oso hurre geratu dira”, azaldu dute.

Inondik ere hutsik egin ez duena eguerdi aldeko jai giroa izan da. Hain zuzen, pintxo janaldiaz gozatzeko aukera paregabea eduki dute Egala aurrealdean, musikak girotuta. Eta, jakina, eguneko protagonista nagusiak, gaztainak, dastatu ahal izan dituzte: danbolina jo eta su ibili da, bildutakoen tripazorriak asetu asmoz.