Borrokarekin aurrera egiteko hautu argiz
Osakidetzak sindikatuen ordezkaritzari gaur-gaurkoz emandako erantzuna "ezinbesteko gutxieneko legalera" mugatzen dela eta, osasun sektoreko beharginek deituak dituzten mobilizazioekin aurrera egiteko asmoa berretsi dute gaurkoan [urriak 7].
Osasun langileak, Gernika-Lumoko anbulatorioaren aurrean bilduta. Iragan hilean egin zituzten mobilizazioekin aurrera diraute osasun alorreko kolektiboa osatzen duten beharginek. SATSE, ELA, LAB, CCOO eta UGT sindikatuek, osasun langileekin batera, Bizkai, Araba eta Gipuzkoako ospitale eta anbulatorioetan antolatu zituzten elkarretaratzeek jarraipena izan dute gaurkoan [urriak 7]. Hainbat tokitan bildu dira langileak, Osakidetzako zuzendaritzari “inmobilismoa” albo batera uzteko eta osasun alorrean lanean diharduen kolektibo “osoarentzako lan baldintza hobeak” eskatzeko asmoz.
Gaur-gaurkoz, sindikatuetako ordezkaritzak azpimarratu du Osakidetzak beraien eskariei erantzunez bidali dien dokumentuak ez duela aintzatesten “sakoneko gaiekin lotutako proposamenik“: “Ez gara simulazioekin konformatuko; negozioazioa garatu gabeko proposamenak mahai gainean ipintzea da, horiek hobetzeko eta langileen aldarrikapenak entzuteko. Osakidetzak eskaerei emandako erantzuna, momentuz, gutxiena da; ezinbesteko gutxieneko legalera murriztu dute beren erantzuna”. Ordezkaritza sindikalak, alde horretatik, nabarmendu du langileen baldintzak erregulatzen dituen hitzarmena 18 urtez eguneratu barik egoteak “negoziatzeko premia erreala” islatzen duela.
Urriaren 17rako deitutako sektore arteko negoziazio mahaian “ikusiko da” borondate politikoa “benetakoa” ote den. Edozelan ere, urrian deituta duten mobilizazioagaz bat egiteko deialdia luzatu diete langile guztiei sindikatuetako ordezkariek: “Urriaren 30ean greba egingo dugu, eta abenduaren ere mobilizatuko gara. Dei horrek ahalik eta jarraipen trinkoena zein jendetsuena edukitzea ezinbestekoa da”.