Lan hitzarmena berritzeko "negozioazio serioa" aldarrikatu dute
SATSE, ELA, LAB, CCOO eta UGT sindikatuek deituta, elkarretaratzeetan batu dira gaur euskal osasun sistema publikoko langileak ospitale eta anbulatorioetan. Langile guztientzako "lan baldintza duinak" exijituko dituzte urriaren 30erako zein abendurako deituta dituzten grebetan.
Euskal osasun sistema publikoa osatzen duten kolektibo guztientzako “hobekuntzak” eskatzeko mobilizazioak deitu dituzte gaur [irailak 23] SATSE, ELA, LAB, CCOO eta UGT sindikatuek, Bizkaia, Araba eta Gipuzkoako ospitale eta anbulatorioetan elkarretaratzeetan batuta. Osakidetzako zuzendaritzari “inmobilismoa” alde batera utzi eta “benetako proposamenak” aurkezteko exijitu diote.
Sindikatuetako ordezkariek nabarmendu dutenez, langile guztientzako “lan baldintza duinak” nahi dituzte eta ez dute soilik kategoria batzuenak hobetzea onartuko, “ezta langileen artean desberdintasunak egitea ere ez”. Izan ere, kolektibo ezberdinetako lantaldeek “taldean” lan egiten dute eta guztien lana da “ezinbestekoa” arreta egokia bermatuta egon dadin: “Lantaldeak pairatutako lan-zamak erabiltzaileei eskainitako kalitatezko arretan eta langileen osasun fisiko eta psikikoan eragin zuzena du”.
Langileen baldintzak erregulatzen dituen hitzarmenak 18 urte daramatza eguneratu barik. eta profesional zein sindikatuak “funtsezko gaiei helduko dien negoziazio serioa eskatu” dute: galdu duten erosahalmena berreskuratzea, urteko lan ordu kopurua murriztea, lana eta bizitza pertsonala uztartzea ahalbidetuko dien baimenak hobetzea, enplegua egonkortzea, ordezkazpenak lehen egunetik betetzea, belaunaldi arteko erreleboa, behin behinekotasuna murriztea eta, oro har, “langileen lan osasuna babesteko neurri eraginkorrak” hartzea.
Era berean, lehen mailako “arreta sendoa” aldarrikatu dute baita zerbitzuen pribatizazioarekin bukatzea, emakume eta gizonezkoen arteko “benetako berdintasuna” eta hizkuntza eskubideen bermea ere.
Elkarretaratzeetan azpimarratu dutenez, gaur gaurkoz Osakidetzako zuzendaritzak ez die proposamenik bidali, baina jasoz gero, sindikatuek xehetasunez aztertuko dute: “Zerbait jasotzen badugu sindikatu bakoitzak bere aldetik baloratu eta dagozkion ekarpenak egingo ditu orain arte bezala”. Halaber, gainerako sindikatu eta eragile sozial eta politikoei mobilizazioetara batzeko deia luzatu die.
Proposamenak lortzeko biderik bada, argi dute mobilizazioena dela; horregatik, urriaren 30eko grebagaz bat egin eta abendurako deituta dituzten deialdi masiboetan bat egitera animatu dituzte Osakidetzako kolektibo ezberdinetako langileak: “Gure lan baldintzak eta gure osasun sistema publikoa defendatzeko ordua da; denok batera lortuko dugu!”.