Xixili Festibala bertan behera gelditu da
Xixili Festibala ez da aurreikusitako datetan ospatuko, "funtsezko hornitzaile bat" galdu baitute. Antolatzaileek esan dute dagoeneko beste data batzuk bilatzen ari direla, eta data berrien berri "ahalik eta lasterren" emango dutela.
Xixili Festibalaren lehen edizioa, bihar eta etzi Bermeon egitekoa zena, ezin izango da aurreikusitako datetan ospatu, azken orduetan antolatzaileek jakinarazi dutenez. Azaldu dute, muntaketa hasi baino ordu gutxi lehenago gunerako “funtsezkoa zen hornitzaile” bat galdu dutela, eta, horren ondorioz, ezin izan dituztela bermatu “ekitaldiak eskatzen dituen segurtasun baldintzak”.
Antolakuntzak adierazi duenez, erabakia ez dute euren borondatez hartu, eta “segurtasuna izan da lehentasuna”, bai muntaketako talde teknikoarentzat eta artistentzat, bai jaialdira joatekoak ziren milaka lagunentzat. Xixili Festibala “proiektu independentea” dela azpimarratu dute, eta hilabeteetako lana, inbertsioa eta ilusioa jarri dituztela Bermeora kultura eta musika uztartuko zituen jaialdia eramateko.
Gauzak horrela, jaialdirako erositako sarrera guztien dirua osorik itzuliko da, Xceed plataformaren bidez antolatzaileen berbetan. “Itzulketak urriaren 5ean, astelehenean, hasiko dira, eta erosleek ez dute inolako izapiderik egin beharko. 15 lanegun igaro ondoren dirua jaso ez dutenek xixilifest@vvssnn.art helbidera idatzi ahal izango digute”, azaldu dute.
Hala ere, antolatzaileek argitu dute ez dela jaialdiaren behin betiko bertan behera uztea, “lehen edizioaren atzerapena” baizik. Dagoeneko lanean ari dira Xixili Festibala Bermeora eramateko, eta data berriak “ahalik eta lasterren” jakinaraziko dituztela aurreratu dute. Era berean, eskerrak eman dizkiete sarrerak erosi dituztenei, artistei, artisauei, kolektibo eta elkarteei, babesleei, laguntzaileei, hedabideei, talde osoari eta, bereziki, Bermeori.