TUNIren Unibertsoa hezkuntza-proiektua garatuko dute Bermeoko ikastetxeetan
TUNIren Unibertsoa proiektua garatu du Bermeo Tuna World Capital elkarteak, Bermeoko hiru ikastetxeekin eta UN Etxearekin —ikuspegi pedagogikoari buruzko aholkularitza eskaintzen duen UNESCO sustatzeko Euskal Herriko Elkartea— lankidetzan, eta aurkezpen ekitaldia egin dute Bermeon.
Lehen Hezkuntzako ikasleei atunaren balio-katea ezagutarazteko hezkuntza-proiektua da TUNIren Unibertsoa: arrantzatik eta zientziatik hasi, eta eraldaketa, merkaturatze eta kontsumora arte doan balio-katea irakasten du. Hain zuzen ere, bere helburua da belaunaldi berriek ekonomia urdinerako eta Bermeorako garrantzitsua den jarduera hori ezagutzea, “munduan gehien kontsumitzen diren arrainetako batekin lotuta”.
Ikasturte honetan Bermeo-San Frantzisko Herri Ikastetxean, Eleizalde Ikastolan eta Sagrado Corazon Ikastetxean landuko dute, proiektu pilotu gisa. Zenbait pertsonaiaren bidez, atunaren balio-katea osatzen duten jardueren aniztasuna eta katearen iraunkortasuna bermatzearen garrantzia ezagutuko dute, “ingurumenaren, gizartearen eta ekonomiaren dimentsioetan”.

TUNIren Unibertsoaren aurkezpena, Bermeoko Nestor Basterretxea aretoan.Bermeo Tuna
Tuni, Bale, Errol, Klik, Kai, Itsas, Sare eta Haize pertsonaiek osatzen dute TUNIren Unibertsoa, eta Lehen Hezkuntzako etapetara egokitutako sei ikaskuntza-egoeratan egituratu dute proiektua. Jarduera eta esperientzien bidez, ikasleek arrantza-jarduera eta hark Bermeorekin daukan harremana ezagutuko dute, baita atunaren eta hegaluzearen balio-katea, etiketatzea eta kontsumo arduratsua, ozeanoen babesa eta emakumeek itsas eta arrantza-lanbideetan daukaten rola ere. Ikaskuntza “modu hurbil eta parte-hartzailean errazten” du proposamenak, eta besteren artean, komiki eta material didaktikoen bidez landuko dituzte gai horiek: “Ekimenaren helburua tokiko ingurunearen ezagutza ikuspegi globalarekin lotzea da, pertsonen, itsasoaren eta iraunkortasunaren arteko harremana erakutsiz. Itsasoa ezagutzea zaintzen ikastea da ere bada; eta hori ‘Bermeoko Erara’ gauzak egitea da”.
Lehenengo esperientzia horren ondoren, materialak garatzen segitzeko asmoa daukatela iragarri dute; ikastetxeen esperientziatik abiatuta, beste testuinguru batzuetara hedatzeko aukera aztertuko dute. Bermeo Tuna World Capital elkartearen ordezkariek eskerrak eman dizkiete proiektuaren parte diren udalerriko hiru hezkuntza zentroei eta Un Etxeari, eta era berean, irakasleen eta ikasleen parte-hartzea eskertu dute. “Proiektua Eusko Jaurlaritzaren, Bizkaiko Foru Aldundiaren eta Bermeoko Udalaren babes instituzionalari esker ere garatu da, baita Caja Rural Kutxaren lankidetza pribatuari esker ere”, azaldu dute.
Domekan, BBK Kliman. Bestalde, proiektuaren eduki eta balioak “publiko orokorrari helarazteko” asmoz, TUNIren Unibertsoaz gozatu ahalko dute domeka honetan [urriak 4] BBK Klimako Itsas Zaporeak jardunaldian biltzen direnek. Arduradunen hitzetan, dibulgazioa, iraunkortasuna eta itsasoari lotutako gastronomia-kultura uztartzen dituen proposamena izango da.