Gastronomia eta tokiko produktua protagonista izango dira BBK Klima Abenturan
Domekan (urriak 4), Itsas Zaporeak jardunaldia hartuko du BBK Klima Abenturak, arrantza jasangarria eta tunidoen sektorea haurrengana hurbiltzeko helburuari segika. Esan dute 2026ko jarduera programazioari amaiera emango dion ekimena izango dela.
Argazkia: BBK Klima Abentura. BBK Klima Abenturak familia osoarentzako Itsas Zaporeak gastronomia-jardunaldia hartuko du domekan (urriak 4), Planazo en familia programazioaren baitan. Egun osoan zehar, tokiko produktua eta Bizkaiko gastronomia ezagutzeko hainbat jarduera izango direla eman dute aditzera; besteak beste, hegaluze-kontserbak eta sushi egiteko tailerrak, haurrentzako proposamenak eta pintxo zein txakolin dastaketak.
Jardunaldia 11:30ean hasiko da, hegaluzearen kontserbak egiteko tailer praktikoagaz. “Bi pertsonaren artean egiteko prestatutako jardueran, parte-hartzaileek beren kontserbak prestatzen ikasiko dute eta bi poto etxera eramateko aukera izango dute”, esan dute BBK Klimatik. Tailerrak 15 bikoteko edukiera izango du, halaber, eta 10 euro ordaindu beharko da bikoteko.
Ondoren, 12:30ean, haurrentzako sushi tailerra egingo da, eta bertan “tokiko arrainarekin hainbat elaborazio prestatzen” ikasiko dute. 13:15ean, helduen txanda izango da. Bi tailerrak Cristina Sombray sukaldari bilbotarrak zuzenduko ditu, munduan sushi chef onenaren titulua lortu duen lehen emakumeak.
Haurrek, gainera, 13:00etan, Bermeo Tunaren eskutik, TUNIren unibertsoa ezagutzeko aukera izango dute. 6 eta 12 urte bitarteko haurrei zuzendutako proposamenak “antzerkia, ipuinak, musika eta jolasak” uztartuko ditu, parkeko ordezkarien hitzetan. Ekimenaren bidez, “arrantza jasangarria eta tunidoen sektorea haurrengana hurbiltzea” da helburua.
Bizkaiko gastronomia
Ordu berean, Bizkaiko Altxorrak dastaketa ere egingo da. Proposamenak, nabarmendu dutenez, Bizkaiko gastronomia ezagutzeko aukera emango du, hiru pintxo eta hiru txakolin uztartuz: “Dastaketa Zigor Iturrieta eta Ekaitz Apraiz sukaldariek aurkeztuko dute, eta 56 lagunentzako edukiera izango du, 15 euroko prezioarekin”.
Eguerdi partean, gainera, marmitako herrikoia putxeran prestatuko dute, eta aurreratu dute horretarako “Enkarterriko trenbide-eltze tradizionalak” erabiliko dituztela. Horrela, BBK Klima Abenturak tokiko gastronomiari eta produktuari “balioa” eman nahi die, sukaldaritza eta parte-hartzea uztartzen dituen esperientzia baten bidez.
Domekako jardunaldiak 2026ko Planazo en familia programazioari amaiera emango dio, eta zelan ez, BBK Klimatik domekan Urdaibaira hurbiltzeko deia egingo dute “tokiko produktua, gastronomia eta partekatutako esperientziak” oinarritzat izanik.
Parkera sartzea doakoa izango den arren, jardueretan parte hartzeko aurrez erreserbatu beharko dela azpimarratu dute, tailerrek eta dastaketek edukiera mugatua izango dute-eta. Informazio gehiago eta erreserbak BBK Klima Abenturaren webgunean egin daitezke.