Liga garaipenez hasi du Gernika FSk
Gernika Futbol Salaren lehen taldeak 7 eta 4 irabazi dio Usansolori ligako lehendabiziko jardunaldian. Zapatuan [urriak 3], Donapari KE-ren aurka neurtuko dituzte indarrak, 19:30ean hasita, bigarren liga saioan.
Denboraldiaurrean behar ona egin duten seinale, emaitzak lagun izan ditu Gernika Futbol Salaren lehen taldeak, 2026/2027 sasoiko lehendabiziko liga jardunaldian. Iragan asteburuan hasi zuten Hirugarren Mailako aurtengo ibilbidea, Usansoloren aurkako neurketagaz. Lehiaketa ofiziala izan ez arren, denboraldiaurrean Bigarren B Mailako taldeen aurka “maila onean lehiatu” dituzte partiduak, eta, horrenbestez, iragan zapatuko lehen liga jardunaldiari “sasoiko eta gogotsu” heldu zioten gernika-lumotarrek.
Santanapeko ikusleen aurrean jokatu arren, lehen bi golek bisitarien alde jo zuten, lehen zatian; jarraian, etxeko taldeak gol bat sareratu zuen, arrakala apalduz, baina atoan iritsi zen aurkarien hirugarrena. Falta bi biribilduta, egoera iraultzea eta, gainera, gol bateko aldeagaz aurretik jartzea lortu zuten, atsedenaldia orduko. Bigarren zatia hasteagaz batera, lehenengoan gertatu modura, Usansolok gola lortu zuen. Edozelan ere, ezer gutxirako balio izan zien, etxekoek azken lau golak erreskadan sareratu baitzituzten, eta lehen liga neurketa 7 eta 4ko markagailuagaz, merezimendu osoz, poltsikoratu baitzuten.
Lehen azterketaren ondoren, zapatu honetan [urriak 3], 19:30ean hasita, Pasai Donibaneko Donipari KE taldea izango dute aurrez aurre, etxetik kanpo. Partidua irabaztea eta lehen jardunaldiko boladari jarraipena ematea izango da taldearen jomuga. Urteko helmugei dagokienez, argi eta garbi dute Gernik FSren noranzkoak zein izan beharko lukeen: “Hala ligan, nola kopan iazko maila hobetzen saiatzea. Zenbait jokalari gazte eta lehiakor bildu dira aurtengo lantaldera, eta horiek helburu horren lehian klubarentzako lagungarriak izatea espero dugu”.
Bigarren taldea ere, prest.
Lehen taldea ez ezik, Bizkaiko Ohorezko Maila lehiatuko duen bigarrena ere lehiarako gertu dago. Romoren aurka jokatuko du asteburuan, 20:00etan hasita, Gobelan. Arerio horren aurka neurtu behar izan zituzten indarrak, hain zuzen, denboraldiaurreko neurketetako batean. Azken partidua, bestalde, iragan asteburuan lehiatu zuten, Durangoko Sasikoaren kontra. Lehiaketa ofizila aho zapore gozoz abiatzeko hitzordu garrantzitsua izan zen durangarren aurkakoa, eta markagailua lagun izan zuten: 9 eta 13 gailendu zen Gernika FS.