Hirugarren adinekoen artean mugimendua bermatzeko, Petanka txapelketa antolatu dute Muruetan
Lore Etxea Muruetako Adinekoen Elkarteak bigarrenez antolatu du petanka txapelketa. Zapatuan (urriak 3) bilduko dira, Eleizalden, 17:00etatik aurrera. Elkartekideek nabarmendu dute Hirugarren Adineko Pertsonen Nazioarteko eguaren baitan antolatu dutela txapelketa: “Iaz antolatu genuen estreinakoz petanka txapelketa, nagusion artean mugimenduzko ekimenen bat egiteko, jan-edanaz gain. Edozein tokitan jokatzen dute sarri petankara, eta hemen ez dugu inoiz ohitura hori izan. Nolabait horrekin hasteko asmoz antolatu genuen, eta aurten ere errepikatu egingo dugu”.
Helburu nagusia ondo pasatzea izango bada ere, aurten, berritasun gisa, sariak ere banatuko dituzte irabazleentzat, esan dutenez. “Gure erara jokatzen dugu. Ez gara profesionalak, baina mugimendua egin bitartean tarte on bat igaro nahi dugu gure artean”, gaineratu dute. Hala, esan dute petankaz gain, beste jolas bat ere egingo dutela: “Edalontzi bat lurrean jarriko dugu, eta ping-pongeko pilota bat, lurrean botea emanez, edalontzian sartzea izango da helburua. Lortzen duenari, lurreko edalontzi horren gainean beste edalontzi bat jarriko diogu, horrela ea nork edalontzi gehien lortu arte”.
Gainera, mokadutxoa ere izango dute ostean, txokolateagaz lagunduta. Iaz, herritarren erantzuna “ona” izan zela azpimarratuz, aurten ere berdin jarraitu nahi dute.