Gautegiz Arteagako argazki lehiaketa, martxan
2027ko udal egutegia sortzeko asmoz, 'Gure herria' gaiaren baitako hamabi argazki hoberenen bila dabil Gautegiz Arteagako Udala. Argazki lehiaketan parte hartu nahi dutenek azaroaren 23a baino lehen entregatu beharko dituzte argazkiak.
2027ko Gautegiz Arteagako udal egutegia osatzeko asmoz, beste urte batez, argazki lehiaketa jarri du udalak martxan. Hala nola, adierazi dute gaia Gure Herria izango dela, eta “edozein pertsonak” har dezakela parte. Argazkiak bidaltzeko epea, halaber, azaroaren 23ko eguerdiko 12:00ak izango dira.
Parte hartzaile bakoitzak “3 argazki” bidaltzeko aukera izango du gehienez; posta elektronikoz zein zuzenean udaletxean (Herriko Enparantza, 1, Gautegiz Arteaga) entregatu daitezke argazkiok. Posta elektronikoz bidaltzekotan, udala@gautegizarteaga.eus edo kulturetxea@gautegizarteaga.eus helbideak ahalbidetu dituztela eman dute aditzera, “ohiko postaz” gain. “Formatu elektronikoz edo paperez/fisikoz” bidali daitezke, eta gaineratu dute, paperezko formatuan bidaltzen diren argazkien kasuan, parte hartzaileek argazkiak bueltan jasotzeko eska dezaketela, lehiaketa amaitzen denean.
Aurkezten diren irudi guztien artean 12 argazki finalista aukeratuko dituztela gaineratu dute, udal egutegia hilabetez hilabete ilustratzeko. Hala, baina, parte hartzaile bakoitzak “aurretiaz argitaratu barik” dauden argazkiak aurkeztu beharko dituela, eta epaimahaia “egutegia editatzeaz arduratuko den publizitate agentziako zenbait ordezkarik” osatuko dutela ere jakinarazi du udalak.
Sari banaketa, urtero bezala, lunch batekin ospatuko dute abenduaren 20an, eta parte-hartzaile guztiak egongo dira gonbidatuta.