Zesta-puntaren Neptunoak eta Irisak
Xabier Barandika gernika-lumotarrak eta Thibault Basque bidartarrak irabazi dute gizonezkoen Jai Alai Liga. Emakumezkoen finalak Ihart Arakistain sopeloztarraren eta Maia Goikoetxea berriatuarraren aldera jo du. Barandikak bere hirugarren liga lortu du jarraian; Goikoetxeak, ostera, bigarrena.
Argazkia: Eraman Jai Alai. Erromatarrentzat, Neptuno jainkoa eta haren hiruhortza itsasoko uren agintearen ikur ziren. Bada, zesta-puntan jainkorik baldin bada, Jai Alai Ligaren hiruhortza lortu berri duen Xabier Barandika litzateke. Aurrelari gernika-lumotarrak atzo [irailak 28] bere hirugarren liga irabazi zuen erreskadan, Thibault Basque atzelari bidartarrarekin. Finalaren olatu guztiak kontrolpean eduki zituzten, jokoaren marea dominatu zuten, eta Karmelo Balda pilotalekuan argiki frogatu zuten xisteraren Olinpoan ate joka daudela. Iris jainkosa greziarraren lorratzei jarraitu zituzten, ostera, Ihart Arakistainek eta Maia Goikoetxeak: gutxien espero denean plazaratzen direnen urratsei, ezustekoenei, hautagai nagusi izan gabe final handi bat erabateko merezimenduz poltsikoratzeko gai direnenei.
Ikusgarriak izan ziren bai emakumezkoen, bi gizonezkoen ligen azken hitzorduak; gogoangarriak, joko, intentsitate eta emozioengatik. Gizonezkoen lehian, Barandikak eta Basquek edozein jainkori aurre egiteko besteko heroiak izan zituzten aurrez aurre: Aritz Erkiaga ispastertarra eta Gorka Sorozabal miarriztarra. Emakumeen lehia ere estua izan zen, Elaia Gogenolak ezin izan zuen iazko txapela berriro jantzi, ezta birritan hura atzamar puntekin ukitu duen Arai Lejardik ere. Goikoetxeak, aldiz, bere bigarren liga patrikaratu zuen jarraian.

Argazkia: Eraman Jai Alai.
Finalaren zama hasieratik lepoan garraio eroan zuten Gogenolak eta Lejardik. Markina-Xemein beraien jaioterriko Grand Slamaren aurtengo garaileei, bikote bietatik eskarmentu nahiz ibilbide zabalagoa zuenari, gogotik sufritzea tokatu zitzaion, final guztiz orekatua izan baitzen. Bina eta hiruna eta, atsedenaldiaren ondoren, zortzina berdindu zuten. Lehen txanpa hartan, aipagarria izan zen Goikoetxeak, pilotakada gutxirekin, piloteoan azaldu zuen dominantzia. Arakistain sopeloztarrak, ezker pareta bilatu zuen uneoro, Lejardiri trabak sortu asmoz, eta erremateetan ederto asmatu zuen. Presio hark Gogenola bizkorregi jokatzera eta zenbait erabaki oker hartzera bultzatu zuen. Hala, lehen setaren hondarrean ezustekoa ailegatu zen: 12 eta 15, Arakistainen eta Goikoetxearen alde.
Bigarrena hasi bezain pronto, egora iraultzeko helburua argiki kantxaratu zuen faboritoek, tartean, Goikoetxeari hutsak bilatuz. 4 eta 0 aurrea hartu zuten lehenik; 6 eta 2, ondoren; 8 eta 5, jarraian; baita 10 eta 7 ere. Lehen setaren garaileek bigarrenean maila txukuna erakutsi zuten, aldeei eusteko gai izan ziren, baina ekin hura ez zen aski izan, markina-xemeindar bikotearen erritmoari aurre egiteko. Seta 15 eta 10 amaituta, berdinketa haustean erabakiko zen liga.

Argazkia: Eraman Jai Alai.
Azken bala gordeta.
Azken borrokaldi hura aurrekoaren traza berberekin abiatu zuen Gogenolak eta Lejardik, lehen bi tantoak poltsikoratuz. Baina, orduan, eraikina goitik behera eraitsi zitzaien, Arakistainek eta Goikoetxeak hasi eta amaitu bost tanto jarraian egin zituztenean. Sopelarra finala 16 tanto eginda biribiltzeko gai izan zen, hau da, urteko erakustaldietako bat emanda. Hark eta bere bikotekide berriatuarrak ondo merezita jantziko dute gerriko horia hurrengo denboraldian.
Maia Goikoetxea: “Atzelaririk gazteenetoka izan arren, grina eta gogo ditudala frogatu dut”
Goikoetxea tantorik “luzeenen kontrolaz” mintzatu zen: “Gogor behar egitea tokatu zaigu, baina jokaldirik luzeenek geure aldera jo dute”. Bai aurreko denboraldian, bai aurtengoan “ikaspen handiak” jasota, berriatuar atzelariak adierazi zuen puntistarik “gazteenetakoa” izanagatik ere, badituela “grina eta gogoa“.
Gizonezkoen finalari dagokionez, agertoki gogoangarri orok beharko lituzkeen osagaiak eduki zituen. Batetik, Erkiagak eta Sorozabalek osatutako bikoteak eskarmentuaren hoztasuna eta gaztetasunaren eztanda uztartu zituen. Bestetik, Barandika eta Basque emaitzen bermearekin iritsi ziren azken hitzordura: batak, lesio larri batetik bueltan, itzulerako uda gogoangarria egin du; besteak urteko hamar lehia handietako lau irabazita —Gernika-Lumoko Winter Seriesa, Donibane Lohizuneko All Star eta Nazioartekoak txapelketak eta Miarritzeko Urrezko Xistera— heldu zion finalari.

Argazkia: Eraman Jai Alai.
Gernika-lumotarrak, estreinako jokaldietatik, ohiko besteko ikusgarriak ez ziren baina meritu handia zuten tantoak biribildu zituen: errebeskadaz, aurkari bien bitartera jaurtita nahiz errebotean. 4 eta 3ra arte, finala oso berdindua izan zen. Ordutik aurrera, asko (normalean baino askoz gehiago) izan ziren Ispasterko magoak egin zituen erasoko akatsak. Konturatzerako, horiek 12 eta 4ko arrakala urratu zuten markagailuan, eta lehendabziko seta 15 eta 6koarekin burutu zuten.

Argazkia: Eraman Jai Alai.
Xabier Barandika: “Aurtengoa hirugarren gerrikoa izan arren, hau ez nuen espero”