"Positiboa" izan da Bermeo, Sukarrieta eta Mundakak elkarrekin garatutako lehen laneratze-proiektua
Proiektuan parte hartu duten 34 pertsonek prestakuntza, orientazioa eta sei hilabeteko lan-kontratua jaso dituzte. Mundaka, Bermeo eta Sukarrietako udaletako ordezkariek datorren urtean proiektuari jarraipena emateko asmoa dutela iragarri dute.
Bermeo, Sukarrieta eta Mundakako udalek amaitutzat eman dute Lanbideren dirulaguntzagaz lehen aldiz garatu duten laneratze-proiektua. Proiektuan parte hartu duten 34 pertsonek prestakuntza, orientazioa eta sei hilabeteko lan-kontratua jaso dituzte, “tokiko administrazioan lan-esperientzia eskuratzeko eta beren gaitasunak garatzeko”. Ordezkariek lehen balorazio “positiboa” egin eta “datorren urtekoa prestatzen” hasi direla aurreratu dute.
Prestakuntza eta lan-esperientzia udalerrien beharrei erantzuten dien “benetako jarduerekin” uztartzeko xedea zuen programak 600.000 euro inguruko aurrekontua eduki du, eta bi helburu nagusi izan ditu: prestakuntza eta laneratzea sustatu eta udalerrientzat interes soziala duten lan eta proiektuak gauzatzea, Prestakuntza eta lan-esperientzia udalen behar eta lehentasunera egokitzean parte hartzaileek beraien “gaitasun profesionalak garatu eta tokiko administrazioaren funtzionamendua gertutik ezagutzeko aukera” izana nabarmendu dute udaletako ordezkariek.
Proiektuaren amaiera dela eta, parte hartzaileek hiru udalen aitortza eta Zuen lana. gure herrirako bikaina mezua zekarren oparia jaso dute. Ordezkariek eskerrak helarazi dizkiete berdin 34 langileei zein ekimena posible egiteko lanean aritu diren profesional eta erakundeei: “Lana ekarri digu baina oso aberasgarria izan da”, azpimarratu du Maite Caruezo Bermeoko garapen ekonomikorako zinegotziak. Sorne Rubio Mundakako alkateak ere balorazio “ona” egin du, mundakarrek ere programan parte hartzeko aukera izan baitute. Azkenik, Jaime Orueta Sukarrietako alkateak beste udalerriekin parte hartzea “zortea” izan dela-eta, egindako lana eskertu dio Behargintzari eta emandako aukera, berriz, Lanbideri.
Esku-hartzeak.
Hala, 34 parte hartzaileak hiru lan esparrutan aritu dira lanean: igeltserotza eta bide seinaleztapena, lorezaintza eta margotzea eta udal-artxiboen digitalizazioa.
Igeltserotza eta bide-seinaleztapeneko taldeek udal-eraikin eta espazio publikoen hobekuntzan lan egin dute Bermeon, besteak beste, “etorkizunean Gaztelekurako gunea hartzeko” Ametzaga eraikinaren berreskuratzeagaz lotutako lanetan. Horrez gain, itxura degradatua zuten hainbat hiri-espazio eta koadro elektriko ere edertu dizuzte. Mundakan, berriz, herriguneko zein landa-auzoetako hainbat gunetan jardun dute: Erreka, Alkate Mallona, Atalaia… Bide segurtasuna hobetzeko lanak ere egin dituzte. Sukarrietan egin dituzten esku hartzeen artean daude, esaterako, hilerriko harlangaitzezko horma garbitu eta junturak egitea, Eleizbide kalearen hasierako galtzada-harria konpontzea, espaloietan zutoinak eta bolardoak jartzea edota Txatxarramendiko identifikazio-paneletako baldosa berriak jartzea.
Lorezaintza eta margotze lanetan aritu direnek ere “ekarpen nabarmena” egin diete hiru udalerriei. Auzoetako berdeguneak eta landa-auzoetako “hainbat eremu zaindu eta hobetu” dituzte Mundakan; Sukarrietan Txatxarramendi uhartearen ertzeko plaza zuritu, errotulatu eta apaindu dute, baita pantalanera sartzeko bidearen azpiko tuneleko horma-irudiaren ingurua berreskuratu ere. Bermeori dagokionez, Alde Zaharreko, landa-auzoetako eta “anbulatorioa, zaharren egoitza eta ikastetxeak bezalako funtsezko zerbitzuen inguruko espazioetan” berdegunea hobetzeko lan egin dute.
Udal-artxiboen digitalizazioan ere lan egiteko aukera izan du hamar parte hartzailek osatutako talde batek. Hiru udalerrietan jardun dute eta Bermeoren kasuan udal artxiboko “funts historikoaren erabilera handiko atalak” digitalizatu eta OCR bidez testua ateratzeko lanak egin dituzte, kontsulta errazteko helburuagaz; Sukarrietan udal-artxibo dokumentala garbitzeko eta digitalizatzeko lanetan lagundu dute eta, Mundakan, berriz, artxiboan zeuden “hainbat dokumentu eta idazkaritzako dokumentazioa digitalizatu dute”.