Ametzaga gunean kokatuko dute Kiriwiki Gazteleku berria
Haur, Nerabe eta Gazteen Partaidetzarako Kontseiluak Gazteleku berriaren proiektua izan du aztergai ikasturte honetan, eta antzinako Jose Done Ikastetxean kokatzeko propsamena egin diote udalbatzari. Udala gaztelekua hartuko duen gunea egoktizen hasi da, eta datorren ikasturterako prest egotea aurreikusten dute.
Bermeoko Haur, Nerabe eta Gazteen Partaidetzarako Tokiko Kontseiluko kideak, udal ordezkariekinBermeoko Udala Bermeoko Haur, Nerabe eta Gazteen Partaidetzarako Kontseiluak amaitutzat eman du lehenenego ikasturtea, eta azken hilabeteetako lanketatik ateratako ondorioak eta hartutako erabakiak aurkeztu dizkiete Nadia Nemeh Shomaly Bermeoko alkate eta zinegotziei, udaletxean egindako bigarren Osoko Bilkuran. Gazteleku berriaren proiektua izan dute lanketarako gai. eta hori antzinako Jose Done Ikastetxean (Hermanuek), kokatzea erabaki dute.
Gazte Kontseilua osatzen duten hamalau ikasleek —Eleizalde Ikastolako, Sagrado Corazon ikastetetxeko eta Bermeoko Institutuko DBH 1. eta 2. mailako ikasleek—, Gazteleku berria Ametzaga gunean kokatzeko proposamena egiteaz gain, espazio berriaren izena ere erabaki dute: Kiriwiki.
Bermeoko Udaletik jakinarazi dutenez, espazio berriak 200 metro koadro inguruko azalera izango du eta, horrenbestez, orain artekoa baino handiagoa izango da, Gizarte eta Kultura Etxeko Gaztelekuak 75 metro koadro baitzituen. Kontseiluko kideek espazioaren diseinuan parte hartu, hobekuntzak proposatu eta ideia berriak mahaigaineratzeko aukera izan dute, eta horiek entzunda, udalak gunea egokitzeko lanak hasi ditu dagoeneko. Zehaztu dutenez, esku hartzea “berreskuratze-prozesu zabalago baten parte” da, eremu hori berroneratzeko lanetan ari baitira. Gaztelekua datorren ikasturterako prest egotea espero dute.
“Harro egotekoa”.
Gazte Kontseilua udaleko Gazteria eta Herritarren Partaidetza sailetik bultzatutako proiektua da, Bizkaiko Foru Aldundiak Bizkaiko udalerrietan haur eta nerabeen partaidetza organoak bultzatzeko helburuekin sustatutako ekimen baten barruan kokatzen dena. Jakinarazi dutenez, Bermeokoa izan zen iaz aurrera egitea lortu zuen bakarra, eta ikasleei egindako lana eta erakutsitako konpromisoa “harro egoteko modukoa” dela adierazi die.

Argazkia: Bermeoko Udala
Ikasleek ere “positiboki” baloratu dute ikasturteak utzitakoa, “gustura eta pozik” aritu baitira parte hartze prozesuan. Hala, datorren ikasturtean ere kontseiluko kide izaten jarraitzeko asmoa erakutsi dute denek. Hala, ikasturte berrian beraientzat “interesgarriak” diren beste gai batzuk jorratuko dituzte.
Osoko bilkuran ikasleekin izan zen Nemeh, eta ikasleek “lana eta inplikazioa” nabarmendu zituen: “Kontseiluan parte hartuta entzun egin duzue, proposamen ezberdinak aztertu eta landu eta horiei buruz hausnartu eta erabakiak hartu dituzue. Hori da politika egitea; hori da, gutxi gorabehera, guk politikariok egiten duguna”. Alkateak eskerrak eman zizkien ikasleei ikasturte guztian egindako lanagatik eta, era berean, familiek emandako laguntza eta konpromisoa ere balioan jarri zituen.
Haur eta nerabeen parte hartzearen garrantziaz ere mintzatu zen Nemeh, gazteen ikuspegia eta ekarpenak udal politikara hurbiltzearen balioa nabarmenduz: “Haurrek eta nerabeek eskubide osoa dute eragiten dieten gaien inguruan parte hartzeko; horregatik da hain garrantzitsua Gazte Kontseilu hau”. Udalaren ustez, gazteen ahotsa entzuteko aukera eskaintzeaz gain, kontseiluak “herritartasun aktiboa, erantzukizuna eta erabakiak hartzeko gaitasuna” sustatu eta biharko Bermeo “gazteekin batera” eraikitzeko oinarriak ezartzea ahalbidetzen du.