Kortezubi Bidea eta Aita Luis Villasante arteko jolasgune berria erabilgarri dago
Herenegun [irailak 26] inauguratu zuen Gernika-Lumoko Udalak euritik babesteko 300 metro koadroko estalkia duen jolasgunea. Udalak 404.700 euro bideratu ditu proiektura..
Jose Mari Gorroño Gernika-Lumoko alkatea Rosario Galvez eta Mari Jose Orbe auzokideekin. Kortezubi Bidea eta Aita Luis Villasante arteko plazako haurrentzako jolasgunea berritu eta handitzeko lanak amaitutzat eman ditu Gernika-Lumoko Udalak. Herenegun [irailak 26] inauguratu zuten 300 metro koadroko estalki zeharrargia duen haur-parke berria eta Jose Mari Gorroño Gernika-Lumoko alkatea “pozik” agertu zen esku-hartzearen emaitzagaz. Udalak 404.700 euro bideratu ditu proiektua gauzatzera.
Lanek “espero baino denbora gehiago” iraun badute ere, behin amaituta inguru horri “kategoria eta kalitatea” ematen dion parkea izan da emaitza. Izan ere, jolasgunea euritik babesteko diseinatutako estalkiak “argitasuna galdu eta inguruneko espazioa isolatu gabe” urte guztian zehar jolasteko aukera eskainiko die umeei. Rosario Galvez eta Mari Jose Orbe auzoko bizilagunek moztu zuten, Gorroñogaz batera, jolastokia ofizialki inauguratutzat emango zuen zinta.

Argazkia: Gernika-Lumoko Udala
Estalkia altzairu ijeztuko pilare perimetralek eusten duten polikarbonato zeharrargizko panelek osatzen dute. Diseinuak, gainera, alboko itxitura ireki bat ere badu, 3,5 metroko altuerarainokoa: “Plazaren izaera mantenduz, euri eta haize boladen aurrean babesa eskaintzeko pentsatuta dago”, azpimarratu zuen.
Proiektuak aurretik zeuden “elementuen zati bat mantentzea” aurreikusten zuen eta horri, “adin tarte ezberdinetarako pentsatutako haur jolas berriak gehitu dizkiote: banakako zabu bat, mahaiak eta bankuak dituen pinu basatiko egurrezko etxe bat, txirrista, bi lekuko kulunka…
“Etengabe hobetzen”.
Errenteria eta Lorategieta arteko gunea bizitzeko gune “polita eta lasaia” den arren, “etengabe hobetzen” joan behar den espazioa dela azpimarratu zuen alkateak, azken urtean Errenteriako zein Lorategietako kale ezberdinetan egin dituzten asfaltatze eta irisgarritasuna hobetzeko lanak gogora ekarriz: “Gainera, Lorategietan loreak dauden gunean ureztatzea jartzea aurreikusten dugu”, iragarri zuen Gorroñok.
Era berean, “hilabete eta erdi barru edo” itsasadar-hegaleko egurrezko zubia ordezkatzeko lanak burututzat eman ahal izatea espero du: “Tailerreko fabrikazio lanak amaituta daude, zimendatzea hobetu eta kokatzea baino ez da falta”.
Gernika-Lumo “lehenengo mailako herria” dela uste du alkateak, baina “lehen maila berezikoa” izatea merezi duela deritzo; hala, “ilusio handiz” lanean jarraitzen dutela eta segituko dutela nabarmendu zuen.