Erabileraren ondorioz higatutako itsasadar-hegaleko egurrezko zubia ordezkatuko dute
Lohi likidoak garraiatzen zituzten kamioi astunak 30 urte baino gehiagoz bertatik pasa eta gero, gaur egungo egitura zubi seguru eta sendoagoa jarrita ordezkatuko dute. Lanok zazpi hilabeteko epean egitea aurreikusi dute, gutxi gorabehera.
Gernika Lumoko itsasadar-hegaleko egurrezko zubia ordezkatuko dute, erabileraren ondorioz higatuta baitzegoen, eta hainbat konponketa lan behar zituen. Izan ere, 30 urtez baino gehiagoz, egunero, araztegietatik zetozen lohi likidoz beteta zihoazen kamioi astunak igaro dira bertatik. Hori dela eta, zubi hori ordezkatzea erabaki du Gernika-Lumoko Udalak.
Zehaztu duenez, diseinu berriak gaur egungo pasabideak duen egurraren izaera mantenduko du, baina iroko-egurra ere izango du, horrek hezeasunarekiko erresistentzia hobea eta kanpoko inguruneetarako iraunkortasun hobea baititu. Gainera, berotan galbanizatutako altzairuzkoak diren metalezko indargarriak ere izango ditu pasabideak euste puntu kritikoenetan. Gehitu dute erdiko zatiak 26 metroko luzera izango duela, eta 7 metroko altuera gaindituko duela.
Obra lanetarako, 297.951,73 euroko aurrekontua du udalak, eta lanok zazpi hilabeteko epean egitea aurreikusi du, gutxi gorabehera.
Hori horrela, oinezkoentzako, txirrindularientzako eta ibilgailunetzako “pasabide seguruagoa” ahalbidetuko dutela uste dute udal arduradunek. Jose Mari Gorroño alkatearen esanetan, gaur egungo zubiak ez die erantzuten herritarrek eskatzen dituzten “segurtasun eta iraunkortasun eskakizunei”, eta zubi berriagaz hori ahalbidetuko dutela dio: “Helburua da bertatik igaroko direnen pauso segurua bermatzea, hainbat hamarkadatan”.
Esku hartze hori “hiri espazioen segurtasuna, jasangarritasuna eta integrazio estetikoa hobetzea helburu duen” azpiegituren udal planaren parte dela gehitu du.