Ligaren atarian, hobetzeko asko oraindik
Inversus Gernika Bizkaiak ezin izan du Euskal Kopa poltsikoratu, Mirai Euskotrenen aurka 76 eta 74 galdu ondoren. Datorren zapatuan [urriak 3], Celta Femxa Zorka galiziarren aurka jokatuko dute, Vigon, Emakumezkoen Endesa Ligako estreinako jardunaldia.
Argazkia: Inversus Gernika Bizkaia. Lehiaketa ofiziala garaipenez hasteak konfiantza eta denboraldiaurrean egindako beharraren konfirmazioa ematen die taldeei, baina Inversus Gernika Bizkaiak ezin izan ditu sentsazio horiek guztiz dastatu, asteburuko Euskal Kopa modu gazi-gozoan biribildu baitute. Izan ere, alde batetik, determinazio, joko eta dinamika eraginkorra kantxaratu dute, baina, bestetik, emaitzak ez dituzte lagun izan Mirai Euskotrenen aurkakoan, eta hori giltzarri izan daiteke ate joka den Emakumezkoen Endesa Ligari begira.
Gernika-lumotarrek 19 puntutik gorako aldea behar zuten Euskal Kopan gailentzeko, eta donostiarrei, ostera, nahikoa zitzaien garaipena lortze hutsa. Araski izan zen hirugarren sailkatua. Malosteko taldea izan zen aurreratzen lehendabizikoa, 0 eta 8ko aldeko partzialagaz eta partiduari erritmo bizia ezarrita. Edozelan ere, gipuzkoarren defentsa sendotzeagaz batera, partiduaren noranzkoa errotik aldatu zen. Mirai Euskotrenek errebotearen jabetza lortu zuen, 10 eta 0eko aurkako partziala pairatu behar izan zuen Inversusek, lehen laurdenaren hondarrean.

Paige Robinson izan zen donostiarren arma nagusia, hari esker egin baitzuten markagailuan ihes, 35 eta 21era arte. Gernika-lumotarren aldetik, Aaronette Vonleh izan zen egiteko azpimarragarria izan zuen bakarra; gainontzean, Franky Garciaren jokalariak arerioari aldentzea galarazteko gai baino ez ziren izan, alegia, beren alde ezer sortu ezinik ibili ziren. Atsedenaldiaren ondoren lortu zuten egoera zelanbait iraultzea, eta Gernikak bere minuturik onenak hirugarren laurdenetik aurrera dastatu zituen. Apurka-apurka Mirai Euskotrenen hutsegiteak sortzen joan ziren, Esther Matarranzen ekina eta Elena Bosganaren nahiz Seehia Ridarden hiruko saskiratzeak tarteko.
Gernika-lumotarrak, hori bai, hankamotz ibili ziren zenbait jokaldi ustez sinple puntuz biribiltzerakoan. Hura izan zen markagailuari buelta eman eta alde mardulagoak ateratzeko izan zuten traba. Osterantzean, garaipena modu erosoagoan borrokatzeko bezainbesteko arrakala lortzea egingarriagoa zitekeen. Egoerak ia-ia gainezka eginda, Mirai Euskotrenen esperantzak Khdijah Fayeren eskuetatik pasatu ziren azkenengo laurdenean; Faye giltzarri izan zen barrualdeko jokoari zegokionez, eta zortzi puntu urratu zituen.

Argazkia: Inversus Gernika Bizkaia.
Angela Salvadoresen jaurtiketa libreak Inversus aurretik ipini zuen, 71 eta 74koagaz. Baina, ordutik amaierara artean, donostiarrak gehiago izan ziren erasoan; eraginkorragoak, gainera, beraien jokalari giltzarriei baloiak helarazterakoan. Imani Tatek 73 eta 74koa ezarri zuen, eta hurrengo erasoan, Salvadoresek baloiaren jabetza galdu. Txirrinak jotzeko 18 segundoren faltan, Robinsonek baloia hiruko lerrotik saskira bidali zuen, eta garaipena eman zion, hala, Mirai Euskotreni: 76 eta 74.
Euskal Kopa atzean lagata, lehiaketa ofizialari heltzeko puntuan dago Gernika. Zapatuan [urriak 3], Vigora (Galizia) bidaia egingo dute gernika-lumotarrek, Emakumezkoen Endesa Ligako lehen jardunaldian Celta Femxa Zorka taldea izango baitute aurkari.