Garaipena, azken jokaldian
Gernika Rugby Taldeak 24 eta 22 irabazi dio Real Ciencias Sevillari, Urbietan, ligako lehendabiziko jardunaldian. C.P. Les Abelles izango da basurdeen hurrengo arerioa.
Argazkia: Naike Ereñozaga Orue. Zaleen artean ilusioa pizteko helburuagaz ekin dio Gernika Rugby Taldeak Ohorezko Elite Mailako denboraldi berriari, eta lehenengo jardunalditik argi gelditu da ez dela arinkeriaz hartu duten misioa: Gorka Argulek zuzendutako taldeak ustez “indartsuenetakoa” den Real Ciencias Sevilla taldearen kontra garaipena lortuta hasi du ikasturtea. Berde-beltzek baina, azken segundora arte borrokatu beharra izan zuten atzo [irailak 27], azken jokaldian iritsi baitzen markagailuan 24 eta 22koa jarri eta Urbietako zaleen artean festa piztuko zuen entsegua.
Denboraldiaurrean zehar lehenengo jardunaldiari begira egon dira basurdeak, klub “historiko” bat hartuko baitzuten Urbietan. Andaluziarren mailaren jakitun, bai erasoan bai defentsan ezarri nahi zuten jokoa aurretik ondo definituta zuten gernika-lumotarrek, eta entrenamenduetan jorratutakoa lehiaketara eramateko gai zirela erakutsi zuten: “Bagenekien oso aurkari zaila izango zirela, oso handiak direla eta kontaktuak oso gogorrak izango zirela, baina mutilek maila eman dute”, zoriondu ditu entrenatzaileak.

Argazkia: Naike Ereñozaga Orue.
Bukaerako emaitzak adierazi bezala partida parekatua izan zen. Andaluziarrak izan ziren lehen hogei minutuak betetzear zeudela lehen entsegua lortu zutenak, baina Argulenak, Peio Urrutia gernika-lumotarraren entseguagaz minutu gutxiren buruan 7 eta 7koa ezartzeko gai izan ziren. Garaipenaren gakoa hasierako minutu horietan egon zela uste du entrenatzaileak: “Defentsa oso gogorra ezarri eta beraiek behartu gabeko akatsak egitea lortu dugu eta horrek mentalki nekatu ditu. Uste dut hortik aurrera gehiagora joan garela, batez ere aurretik jartzea eragin duten zigor kolpeak baliatuta”. Lucas Ferrer brasildarra izan zen ostikoak puntu bihurtzearen eta, atsedenadia iristerako basurdeak markagailuan 13-10 aurretik joatearen arduraduna.
Bigarren zatiak aurrera egiteagaz, talde andaluziarrak hartu zuen aurrea markagailuan eta Ferrerek puntuak pilatzen jarraitu arren, garaipenak Sevillara joko zuela zirudien: “Gakoa alboko sakearen tentsioan eta Gernikak partidaren une garrantzitsuetan izan dituen zigor kolpeetan egon da. Guk kolpe horiek sinplifikatu ditugu, beharrezkoak ez ziren uneetan”, ebatzi zuen entrenatzaile argentinarrak. Bere taldeak bigarren zatian atzetik aurrera egindako lana balioan jarri zuen, “lan askorekin eta mol onak” eginez basurde estutu baitzituzten.

Argazkia: Naike Ereñozaga Orue.
Urbietako markagailuak 80. minutua adierazten zuenerako 19 eta 22 atzetik ziren berde-beltzak, baina Joaquin Santoro epaile asturiarraren erlojuak oraindik zenbait minutu jokatzear. Orduan iritsi zuen Urbietan festa sartu zuen unea. Nel Jaundrek baloia marraren atzean jartzea lortu zuen: garaipenagaz datozen lau puntuak baino askoz gehiago balio duen entsegua. Iker Olaeta kapitainak, taldeak egindako lanagaz “oso pozik”, Sevillakoa bezalako talde baten aurka irabazteak duen balioaz hausnartu zuen: “Taldea sendotzeko eta jokalariok elkar ezagutzen jarraitzeko modu onena da garaipena, gauzak errazago eta hobeto ikusten direlako”.
Garaipenaz harago pozik egoteko beste arrazoi bat ere izan zuten gernika-lumotarrek atzo: Markel Undabarrena etxeko jokalariak lehen taldeagaz debuta egin baitzuen: “Hasieran apur bat urduri zegoen, lehen taldeagaz, etxean eta maila horretako arerio baten aurka jokatuko zuelako; gero, lasaitu, eta ondo aritu da. Guretzat debut atsegina izan da”. Urbietako zaleen berotasuna beti nabaritzen du Gernika RTk, “batez ere azken minutuetan”. Beraz, beti zelaira bertaratzera deitu dituzte jarraitzaileak jokalariek zein lantaldeak: “Etor daitezela beti; partiduek 80 minutu irauten dute, eta oraingoan argi ikusi dugun bezala”.
Valentziara begira.
Domekan [urriak 4], 12:00etatik aurrera, aspalditik ezaguna duten C.P. Les Abelles talde valentziarra izango dute basurdeek parez-pare. Helburua Errege Kopako geldialdia orduko ahalik eta garaipen eta puntu gehien pilatzea denez, “lanean jarraitzeko gogoz” dago Gernika RT.