"Herri osoa guri bultzaka ibili dela sentitu dugu aurten"
Errugbi Eskolatik lehen taldera, Gernika Rugby Taldearen kategoria denetatik igaro izan da, eta taldearen garapena bertatik bertara bizi izan du Peio Urrutia Arandia harrobiko jokalariak.
Zuri guztiak ez dira irinak, ezta beltz denak ikatzak. Gernika Rugby Taldeak, bigarren urtez jarraian, Ohorezko Maila atzamar puntekin ukitu du. Hori bai, aurtengoa denboraldi arrakastatsua izan da basurdeentzat, eta haren balantzea egin du beste urte batez berritu berri duten Peio Urrutia jokalari gernika-lumotarrak.
Denboraldia abiatzean, aurreikusi zitekeen igoera kanporaketaren finalera berriro iristerik eta finala etxean jokatzerik?
Sasoi hasieran, finalera heltzea ez zen espreski helburua. Urte lehiakorra egitea eta igoera kanporaketara sailkatzea zen asmoa. Hori bai, presio barik hobeto jokatu ohi dugunez, lasai samar aritzea planteatu zuen lantaldeak. Emaitzak, neurri batean, jokamolde bare horren ondorio ere badira.
Zelan joan dira garatzen helburuak, urteak aurrera egin ahala?
Mantendu egin dira. Ligan erregular aritu gara. Gabonak orduko, Errege Kopa jokatu genuen, baina hura ez genuen helmuga nagusitzat ulertu. Ligako azken hiru partiduetan, igoera kanporaketaren finala historian estreinako Urbietan jokatzeko aukera geroz eta hurrerago ikusten genuen; tarte hartan presioak gora egin zuen.
Behetik gora, hazten eta hobetzen joan zarete.
Dinamika onean ibili gara. Denboraldiaurrea oso lasai hasi genuen, urte luzea aurreikusita: bizpahiru neurketa jokatzetik bakarrera igaro ginen. Asmoa denboraldi amaierara ahalik eta sendoen eta ahalik eta jokalari gehienekin iristea zen.
Zelakoa da urtearen argazkia?
Alde kolektibotik, oso positiboa. Iazko jokalari asko mantendu ditugu, batik bat, postu gehienak mugiarazten dituen hamarra. Bai taktikoki, bai estrategikoki, ez dugu denboraldia hutsetik hasi, lantaldea nahiko egonkortua baitzegoen. Niri dagokidanez, pozik nago, ikasketengatik gura baino gutxiago jokatu arren.
Bi final, bi porrot; bigarrena, gainera, etxean.
Ez dira emaitzak bakarrik baloratu behar; finalaren gerizpean dauden alderdiak azaltzea ezinbestekoa da. Iaz, Gernika-Lumo erdia Madrilera mugitu genuen, etxean egundoko finalaurrekoa jokatu ondoren. Aurten, are hobeto: Urbietaren edukiera lehenengoz bete egin dugu. Herri osoa guri bultzaka ibili dela sentitu dugu. Hori garaipenaren parekotzat dut nik.
Zer du Urbietak?
Ez dakit, baina zelaigune erabat desberdina da, eta kanpotik datozenek ere horixe diote. Gernika RT hazi egiten da etxean, eta geure jokoak gora egiten du.
Herriak eta klubak bat egiten duten tokia dela dirudi.
Hala da. Badira tarteko taldeen edo harrobi lantaldeen sare erraldoiak dituzten klubak, baina asteburuetan hogei zale baino ez dituzte mobilizatzen, partiduak ikusteko. Hemen, bestelakoa da: herritarrak klubagaz identifikatuta sentitzen dira, inplikazio handia dute, eta harmailak betetzen dituzte, klubeko parte aktibo izan zein ez.
“Badira tarteko taldeen sare erraldoiak dituzten klubak, baina hogei zale baino ez dituzte mobilizatzen“
Ordizia, Ohorezko Mailan; Hernani eta aurten igoera lortu duen Getxo, zuekin batera, Ohorezko Elite Mailan. Nolako osasunez dago, egun, euskal errugbia?
Oso osasuntsu dago, baina azken urteotan profesionalizazio handia jasan du. Goi mailako talde gehienak hiri handietakoak dira, eta babesle erraldoiak dituzte. Ondorioz, ez dute herriko hainbeste jende. Hernanik eta Getxok harrobi oso txukunak dituzte, baita guk ere. Garrantzitsua da herriko jokalariei lehen taldera iritsi daitezkeela eta lehiaketa minutuak eduki ditzaketela ikusaraztea.
Aurrekontuen arteko arrakala, baina, izugarria da.
Bai. Ohorezko Elite Mailaren egungo sistemagaz, ez dugu hainbeste sumatzen, eta horrek partidu guztiak nahiatez lehiatzea dakar. Lehen oso ohikoa zen goitik edo behetik 50 puntuko aldeagaz ibiltzea. Hori bai, lehen aipatu modura, kapitalik handiena hiri handienen inguruan pilatzen da.

Profesionalizazioaren gorakadak zuon atea ere joko zuen, ezta?
Igarri dugu, bai. Batetik, profesionalizazioagaz maila orokorra izugarri hauspotu dela esango nuke; etxeko jokalari askok lanerako bultzada sentitzearen eta ia-ia fitxaketek baino maila hobea lortzearen kausa izan da. Bestetik, gogortasun erantsia azpimarratu behar da: entrenamendu eta gimnasio saio gehiago edukitzea, prestakuntza taktikoari edota taldearen komunikazio sareei arreta handiagoa eskaini beharra, eta abar.
Ikasketak eta goi mailako kirola uztartu dituzu aurten.
Urte bi daramatzat suhiltzaile oposaketak prestatzen, eta horrek aurten jarraikortasuna apur bat eten egin dit. Iaz, ikasketak eta errugbia bai ala bai aurrera eroateko hautua egin nuen, eta psikologikoki dezente eragin zidan. Aurten, tarte batez ez dut partidurik jokatu. Gaitza izan zen finalean aritu ezin izana, ezin bainuen min hartu eta lesionatu.
Mentalki asko eragin al zizun?
Bai, baina uste baino hobeto kudeatu nuen. Taldearen babesa igarri dut, uneoro kide bat gehiago nintzela transmititu didate. Erasmus programagaz Kroaziara ikastera joan nintzenean ere, pazientzia handia izan zuten nigaz. Egia da fisikoki eta kardiobaskularki entrenatzen jarraitu dudala, eta itzulera ez dela zailegia izan.
Taldearen maila guztietatik pasatu zara.
Bidaia polita izan da, eta anitza. Taldea lehen mailan zela egin nuen debuta, eta mailaz jaitsi ginen urte hartan; bigarren mailatik lehenengora igoera ere bizi izan dut, baita zuzendaritza taldearen eta harrobiko lan sistemaren aldaketa ere.
Belaunaldi txandapasarik ba al dago?
Beheko mailetako jokalari gazteen maila oso handia da, baina, era berean, profesionalizazioari muzin egiten diotenak ere dezente dira. Harrobia egon badago; motibazioa da falta dena.
Proiekzioa al duzu oraindik jokalari legez?
Noski. Asko dut hobetzeko, eta asko frogatzeko.
“Lanak baldintzatuko du nire jarraipena, baina ahal dudan bitartean taldean segitzea da asmoa”
Zein kolore du etorkizunak?
Nire kasuan, lanaren araberakoa izango da. Errugbitik hobari ekonomikorik jasotzen ez duenak urtez urte birplanteatu behar izaten du hurrengo denboraldian zer egingo duen. Nire aldetik, lanak baldintzatuko du nire jarraipena, baina ahal dudan bitartean taldean segitzea da asmoa.
Zein da Gernika RTren habitat naturala?
Berez, Ohorezko Elite Maila. Ohorezko Mailak bidaia asko egitea suposatzen du; talde txikiok asko pairatzen dugu hori. Hurrengo urteari begira, igoera kanporaketara sailkatzea izango da helburua.
Zuzendaritzaz aldatuagatik ere, lantalde teknikoaren hezurdura egonkortuta al dago?
Bai. Talde teknikoak gauzak argi dauzka; horrek zelaian hobeto funtzionatzea dakar. Herriko jokalari gehienok jarraitzen badugu eta fitxaketa egokiren bat edo beste eginda, aurtengo mailaren pare edo hobeto jokatu ahal izango dugu.
“Hurrengo urteari begira, igoera kanporaketara sailkatzea izango da helburua”