Bermeoko turismoak erronka berria du: bisitariaren beharrei modu pertsonalizatuan erantzutea
10.601 bisitari izan ditu Bermeoko Turismo Bulegoak uztailean eta abuztuan, eta Gaztelugatxe Zentro berriak 3.715 lagun hartu ditu bere lehen udan. Turismo mota aldatzen doan heinean, gainera, herriko turismoa mantentzeko erronka berriak plazaratu ditu turismo bulegoak.
Gaztelugatxeko San Juan Bermeok turismo-jarduera biziari eutsi dio udako hilabeteetan, Bermeoko Turismo Bulegoak jakinarazi duen bezala. Uztailean eta abuztuan, alegia, 10.601 pertsona bertaratu dira Turismo Bulegora: 4.777 uztailean eta 5.824 abuztuan. Datu horiek, bisitari kopurutik harago, turismoa bizitzeko moduan “aldaketa bat” dagoela erakusten dute: gero eta bisitari gehiagok etxetik prestatzen dute bidaia eta, behin Bermeora iritsita, informazio orokorra baino gehiago, euren beharretara egokitutako gomendioak bilatzen dituzte.
Hala, Bermeoko Turismo Bulegotik azaldu dutenez, kontsultak “geroz eta luzeagoak eta pertsonalizatuagoak” izaten ari dira, bisitari bakoitzak duen denbora, interesak eta mugikortasun aukerak kontuan hartuta. Joera ez da aurrez aurreko arretara mugatzen. Izan ere, Bizibermeo webguneak ere 7.500 bisitari izan ditu ekainaren 1etik abuztuaren 31ra, esan dutenez. Abuztuan izan du, gainera, jarduera handiena, 3.100 bisitarirekin. Turismo Bulegoaren arabera, webgunea bisitari askorentzat “Bermeorekin duten lehen harremana” da eta, horregatik, “funtsezkoa” da bertako informazioa etengabe eguneratuta izatea.
Kontsulten artean, azken urteotako joera mantendu dela gaineratu dute: Gaztelugatxeko San Juan da oraindik interesgune nagusia. Horrekin batera, bisitariek non jan, Bermeon eta inguruko herrietan zer ikusi eta garraio aukerei buruzko informazioa ere eskatzen dutela gehitu dute.
Gaztelugatxek protagonismo berezia izan du aurtengo udan, gainera, ekainaren 23an Gaztelugatxe Zentro berria ireki ondoren. Lehen uda honetan 3.715 pertsona hartu ditu zentroak: 1.565 uztailean eta 2.150 abuztuan. Zentroa Gaztelugatxeko San Juanerako sarrera eta harrera gune gisa sortu da, eta informazioa eskaintzeaz gain, egun berean Gaztelugatxe bisitatzeko sarrerak banatzen ditu.
Bestalde, Turismo Bulegoak Gaztelugatxera joateko autobus eta gidari zerbitzua ere eskaintzen duela gogoratu, eta azaldu dute guztira, 2.655 erabiltzaile izan dituela udan: 854 uztailean eta 1.801 abuztuan: “Zerbitzuaren erabilerak gora egin du nabarmen abuztuan, uztailean oraindik ezagutarazteko prozesuan baitzegoen”. Proposamenak garraio kolektiboa erabiltzea eta gidariaren azalpenak uztartzen ditu, Gaztelugatxeko bisita “modu arduratsuagoan” egiteko helburuarekin. “Udako tenperatura altuek ere eragina izan dute bisitarien ohituretan, batez ere goizeko lehen orduetan Gaztelugatxera joateko zailtasunak areagotuta”, diote.
Joera berriak begibistan
Udako beste joera baten berri ere eman dute Turismo Bulegotik, bide batez: bisitari batzuek oporraldia gehiegi programatzeko joera dute. Horren aurrean, turismo-informazioaren zeregina ez da soilik lekuak eta jarduerak gomendatzea. Bisitariei “euren denbora eta lehentasunak modu orekatuagoan antolatzen” laguntzea ere bada, Bermeo eta ingurunea presarik gabe ezagutu dezaten. Ze, Turismo Bulegotik azpimarratu dutenez, Bermeoko eskaintza ez dago interesgune bakar batera mugatzen, eta herria ezagutzeko denbora hartzea esperientziaren beraren parte da.
Turismo-jardueraren beste adierazleetako bat autokarabanen gunea izan dela plazaratu dute. Turismo Bulegoak zuzenean kudeatzen ez duen arren, “566 erabiltzaile izan ditu uztailean eta 589 abuztuan”, bi hilabeteetan “ia %100eko okupazioari” eutsiz. Datu horiek erakusten dute “autokarabana erabiltzen duten bisitariek ere Bermeon egonaldia egiteko interesa dutela eta udalerrian dagoen azpiegituraren eskaria handia dela”.
Bermeoko turismoaren erronka, beraz, ez da soilik bisitari kopuruari eustea. Udako datuek erakusten duten bisitariaren beharrei modu pertsonalizatuan erantzutea izango da aurrerantzean bete beharreko erronka, eta zelan ez, “udalerriaren eta ingurune naturalaren zaintza” uztartzea.