Bermeoko jaien amaiera gazi-gozoa izan da
Bermeoko Andra Mari eta Santa Eufemia jaiak amaitu berri diren honetan, bermeotarrek mahonak gorde dituzte dagoeneko. Jaien amaiera, baina, ez da espero bezain ona izan: Errementa Armaidxue eta Txosna Batzordearen aurkako erasoak agertu dira herrian.
Besteren artean, Errementa Armaidxue plataformak herrian jarritako kartelak apurtu dituzte. Argazkia: Errementa Armaidxue platafoma. Bermeoko Andra Mari eta Santa Eufemia jaiak Xixiliren agurragaz batera irailaren 16an amaitu baziren ere, herrian beste hiru egunez luzatu dute jaia. Izan ere, Bermeoko Banderaren lehiaren aitzakipean, txosnak zapatura bitartean zabalik mantendu dira, herrian jai giroa luzatuz.
Zapatuan Bermeo mahonez jantzi zen, beste behin. Baina urdina ez zen herrian nagusitutako kolore bakarra izan: berdez, horiz, gorriz, eta beste hainbat kolorez jantzi zen herria, eta batez ere portua: euskal herri osotik hurbildu zen jendea, alegia, arraunaren erreferente bihurtutako estropadaz eta jai giroaz gozatzeko asmoz. Kirolaz aparte, beste hainbeste ekintzaz ere gozatu zuten zapatuan: trikipoteoa, herri bazkaria eta kontzertuak izan ziren nagusi, oro har.

Gainera, azken urteetan arrakasta handia izan duen kuadrilen lehiaren sari banaketak ere burutu zituzten, zapatu arratsaldean. Lehenengo postua, 49 puntuko berdinketagaz, Tortolako Mamintxuek eta Mari eta Nito kuadrilek eskuratu zuten; hirugarren postua, berriz, Gautxoridxek Saltsan kuadrilak poltsikoratu zuen. Bermeoko Txosna Batzordetik parte hartutako kuadrila guztiei euren esker ona adierazi diote, “hurrengo urterako indarrak gordetzeko” mezua zabalduz.
Amaiera gazi-gozoa
Dena ez zen, baina, pozgarria izan, herriko jaien amaieran. Hala nola, Errementa Armaidxue eta Txosna Batzordearen kontrako pintadak eta erasoak agertu dira. Errementa Armaidxue Bermeoko TransMariBiBollo plataformak, bere aldetik, erasoak salatu ditu: “Herrian, berriro, Errementa Armaidxuen aurka eta Txosna Batzordearen aurka egin dute. Karpan pintadak agertu dire, taldekideengana ere hurbildu dira kontuak eskatzera, eta herrian eskegitako pankartak apurtu dituzte”. Iaz ere salatu zuten erasorik, hain zuzen ere mikrofonoetatik entzundako ‘Txosna Batzordie marikoiek’ garrasia, eta aurten ere errepikatu da erasoa. Plataformako kideek argi esan dute: “Aurton, zaharrak berri. Gauzak ez dira aldatu, okerrera egin baino”. Erasoak “errespetu falta ikaragarriak” direla nabarmendu, eta ozen esan dute ez dutela horrelakorik onartuko, eta ez direla isilik geratuko.
Bermeoko Udalak eta Txosna Batzordeak Errementa Armaidxuen salaketagaz bat egin dute, herriko jaien baitan jasandako eraso horiek “onartezinak” direla azpimarratuz. “Bermeoko Txosna Batzordea eta txosnagunea espazio seguru bilakatuteko hainbat saiakera egiten ditugu urtero. Baina herritar batzuek, antza denez, ez dute hau horrela izatea nahi”, aldarrikatu dute txosna batzordetik. ‘Txosna Batzordie maricones’, iazko aldarrikapenak berriro errepikatu diren honetan, batzordekideek irmoki erantzun dute, eta esan dute “disidentzia guztiak ongietorriak” direla txosnagunera: “Horregaz ados ez bazaude, txosnagunera ez etortzera gonbidatzen zaituztegu”. Amaitzeko, eragindako kalteek ondorio argia izango dutela argitu dute.