"Oso-oso argi dugu: Munduko Txapelketa irabazteko gai gara"
Markel Aranaz Seko mendatarra 23 urtez azpikoen Munduko Txapelketa lehiatzeko hautatua izan da. Hilaren 25a izango du lasterketa eguna, Montrealen (Kanada).
Mundu mailako txirrindularitzaren ekosisteman, bada bolo-bolo dabilen albiste bat: Tadej Pogacar, Munduko Txapelketa hirugarrenez erreskadan irabazteko hautagai handia, eroriko batek aurtengo ekitalditik kanpo utzi duela. Busturialdean, baina, esloveniarra ez den norbat da protagonista, Munduko Txapelketa aipatuta. Markel Aranaz Seko Espainiako Selekzioagaz arituko da Montrealgo (Kanada) hitzordu handi horretan, 23 urtez azpikoen mailan. Movistar Academy Team etxeagaz profesional mailan debuta egiten ari den mendatar gazteak bere estreinako Munduko Txapelketa lehiatuko du irailaren 25ean.
Zelan hartu duzu maila berriko debut urtean Munduko Txapelketa lehiatzeko deialdi hau?
Ez nuen inolaz ere espero, egia esan. Ekainean, Giro Next Gen itzulian [23 urtez azpikoen mailako Italiako Giroa], selekzioko lantaldeak ikusi zuen neure taldekideen mesedetan behar handia egiteko gai nintzela, eta proba haren ondoren luzatu zidaten proposamena.
Denboraldiaren plangintza asko aztoratu al zizun deialdi hark?
Ez. Datorren asteburuan Italin egun bakarreko lasterketa pare bat lehiatzea neukan aurreikusita; Munduko Txapelketak proba horiek egutegitik aterarazi dizkit. Osterantzean, bai lasterketa, bai prestakuntza planifikazioa sasoiaren hasieran pentsatu modukoa izan da.
Estreinaldia egingo duzu, ezta?
Bai. Ilusio handiz helduko diot Munduko Txapelketari: alde batetik, neure lehendabizikoa izango delako; bestetik, maila handia duen eta edozertarako aukerekin abiatuko den taldearen parte izango naizelako.

Egun bakarreko probetn edozer gerta daitekeen arren, badirudi Hector Alvarez izango dela taldeburua, irteeran behintzat.
Hori da. Hector Alvarez Lidl-Trek taldeagaz World Tourrera jauzia egiteko puntuan dago; 23 urtez azpiko onenetakoa da, etorkizun erraldoiduna. Beraz, bere mesedetan lan egitea tokatuko zaigu Montrealen.
Zein helburugaz?
Irabaztea.
Oso-oso argi erantzun duzu.
Oso-oso argi dugu: Munduko Txapelketa irabazteko gai gara. Hector hautagai handietako bat da, eta selekzioagaz sobera taularatu ditu egun bateko probetarako dituen abileziak. Horrek lasaitasun handia ematen digu.
Zer eskatu dizute zuri?
Oraindik ez dakit zehatz-mehatz; Kanadara bidaia egiten dugunean jakingo dut nire egiteko zein izango ote den. Dena dela, suposatzen dut taldekideak babestuta, goiko postuetan eta edozein arazotatik aldenduta eroatea izango dela, bestelako lanekin batera: haizearen aurkako babesa ematea edota ur potoz zein janariz hornitzea. Taldea bat eginda mantentzeko lana, alde horretatik, oso garrantzitsua izango da, irratirik gabe lehiatuko baitugu Munduko Txapelketa.
“Munduko Txapelketa irrati barik lehiatuko dugunez, lasterketa orduko bilerak esangura are handiagoa edukiko du aurten”
Hori erabakigarria izan al daiteke?
Bai eta ez. Aurten Ronde d’Isard edo Giroa bera bezalako itzuli potoloak irrati barik egin ditugu, eta ondo moldatu gara. Hori bai, lasterketa orduko bilerak esangura are handiagoa edukiko du aurten.
Alvarezez gain, zeintzuk lirateke faborito nagusiak?
Henrique Bravo brasildarra, esaterako. Hautagai nagusia, berez, Lorenzo Finn italiarra da, baina azkenean elite mailan ariko da, 23 urtez azpikoekin barik.
“Hilabeteek aurrera egin ahala, sentsazioak hobeak izan dira, eta zenbaki aldetik ere hazi egin naiz”
Debut urtearen zein irakurketa egiten duzu?
Sasoi hasierari gogotsu heldu nion, baina ez nuen espero denboraldia hain biribil joango zenik. Hilabeteek aurrera egin ahala, sentsazioak hobeak izan dira, eta zenbaki aldetik ere hazi egin naiz. Beraz, orain artekoarekin oso pozarren nago. Taldea ere asebeteta geratu da nik egindako beharragaz, eta talde helburuak bete egin ditugu. Gailurra, beharbada, Movistar Teamen lehen taldeagaz Asturiasko Itzulia lehiatzea izan zen.

Nairo Quintana moduko mito batekin aritu zinen taldean, bere agur urtean.
Bai, eta beragaz proba irabaztea lortu genuen, gainera. Irakaspen handiak jaso nituen itzuli hartan, eta podiumera igotzea izugarria izan zen. Quintanari dagokionez, esker oneko berbak baino ez ditut: uneoro gazteenen pentsuan egon zen, laguntzeko eta bere eskarmentua taldearen mesedetan eskaintzeko prest.
“World Tourrera igoera posible ikusten dut, baina oraindik oso urrun”
Eta aurrerantzean, zer?
Profesional mailako tropelaren dinamikak ulertu ditut, haietara ohitu naiz. Distantzia luzeetara doitzeko, baina, gogor lan egin beharra dut oraindik. Alor hori lantzea izango da hurrengo denboraldiari begira egin beharreko urratsa.
Helmuga World Tourra al da?
Bai. Igoera posible ikusten dut, baina oraindik oso urrun. Movistarren bigarren taldean egoteak beti lehenengoaren erreferentzia dakar, eta, ildo horretatik, asko motibatzen nau goi mailara jauzia gaitza baina egingarria den zerbait dela jakiteak.
“Poz handiz hartu dut Enric Masen Vueltako garaipena, batez ere, bertan aritu diren zenbait kidegaz aurten lasterketa batzuk lehiatu ditudala ikusita”
Are gehiago taldeak Espainiako Vuelta irabazi duela ikusita.
Hori da. Berez, lehen taldea eta bigarrena elkarrekiko zelanbait autonomoak dira, baina baita etxe beraren parte ere. Hortaz, poz handiz hartu dut Enric Masen garaipena, batez ere, bertan aritu diren zenbait kidegaz aurten lasterketa batzuk lehiatu ditudala ikusita. Beraiengatik asko pozten naiz, eta taldeagatik beragatik ere bai.