Mendata motor klasikoen plaza bihurtuko da
Mendatako Klasikoen Motokrosa lehiatuko dute zapatuan [irailak 19], 11:00etatik aurrera.
Atzo eta gaurko motorren eskaparaterik onena bihurtuko da Mendatako herrigunea, asteburu honetan. Zapatuan [irailak 19], Mendatako Klasikoen Motokrosa lehiatuko dute, goizetik eguerdira bitarteko lehia egitarauagaz. Gernika Off-Road taldeak antolatu du lasterketa, Mendatako Udalaren, Bizkaiko Foru Aldundiaren eta Euskadiko Motoziklismo Federazioaren laguntzagaz. Lantaldea “gogotsu” dago probaren estreinaldiak zer erakutsiko duen ikusteko. Motokroseko motor klasikoak izango dira protagonista nagusiak, baina baita 125 zentimetro kubikoko motor modernoak ere ariko dira.
Motor klasikoei dagokienez, lau kategoria egongo direla aurreratu dute antolatzaileek: PRE99, 125 PRE84, PRE78 eta Twinshock. Beraz, motorra zein urtetakoa den giltzarri izango da, kategoriak banatzerakoan; Twischock mailak, berriz, atzealdean motelgailu bi dituztenak bilduko ditu. Esan modura, maila horiei 125eko motor modernoak gehitu beharko zaizkie, eta emakumezkoek, bestalde, “edozein motorrekin” lehiatu ahalko dute. Guztira, sei multzo egongo dira Mendatan, beraz.
08:00etatik 09:00etara artean, egiaztapen teknikoak egingo dituzte; motorren aparkaleku ofiziala hilerriaren aldameneko guneka hartuko du. 09:00etatik 11:00etara artean, kategoria bakoitzeko lasterketarako entrenamendu saioak egingo dituzte: “Saio horretan, maila bakoitzeko denborak hartuko dira, eta sailkapen bat osatuko da, lasterketako irteera postua erabakiko duena”. 11:00etan hasiko da puntako abiadura; maila bakoitzak txanda bi lehiatuko ditu. Txanda bakoitzak 15 minutu eta itzuli erantsi biko iraupena edukiko dute, 125eko motor modernoentzat eta PRE99 kategoriakoentzat izan ezik; bi horiek hogei minutu eta itzuli erantsi bikoak lehiatuko dituzte.
Ibilbideak 1,4 kilometroko luzera edukiko du, herrigunetik oso hurre kokatuta: “Sinplea izango da, egingarria, hiruzpalau jauzi naturalekin”. Gaur-gaurkoz, 30 gidari inguru izena emanda daude, eta aurreikuspena “40 ingurukoa izatea” da; izena emanda daude bai elkarteko, bai eskualdeko hainbat kide. Parte hartzearen arabera, hain zuzen, entrenamenduetako zein lasterketako txandak “elkartzea” baloratzen ari da antolakuntza. Sari banaketa ekitaldia “14:30ak aldera” egitea aurreikusten dute: “Garaileek garaikurrak eta bertoko txakolina jasoko dituzte”.