Bizkaigane eguneko ohiturak mantenduko dituzte
Domekan [irailak 20] jarri dute errigoitiarrek Bizkaigane eguna ospatzeko hitzordua. Musika, giro herrikoia eta hain esanguratsua den ardi-txakurren erakusketa izango dira nagusi.
Udazkenari ongietorria ematen diote urtez urte Santa Kurtze edo Aitxe Kutz jaiek. Begirada atzera botata, urteen poderioz ospakizunak izaera herrikoiagoa hartu duela nabaria da, eta ekitaldi erlijiosoez gain, musika, dantzak, herri-kirolak, gastronomia eta bestelako aisialdi jarduerak ere izaten dira protagonista egunotan. Herritarren topagune bihurtzen dira egun horiek, eta belaunaldiz belaunaldi transmititutako ohiturak eta herriko jai-giroa uztartzen dituzte, batik bat. Iragan asteburuan eman zioten hasiera Santa Kurtze jaiei han eta hemen, eta asteburu hau izango da uda agurtuko duten jaien bukaeraren testigu. Eskualdean, Muxikako Ariatza auzoaz gain, Errigoitiko Bizkaiganen ere izango dute zer ospatu.
Domekan [irailak 20], hala, errigoitiarrek urteroko hitzordua dute: Bizkaigane eguna. Izan ere, hildako gudariak oroitzeko eta kutsu abertzalea mantentzeko helburupean, “giro herrikoia” espero dute. Antolatzaileak nabarmendu dutenez, “30 urte baino gehiago” daramatzate urtez-urteko hitzordua prestatzen, baina berez, duela 50 urte baino gehiago hasi ziren herrian Bizkaigane eguna ospatzen: “Lehen beste modu batera ospatzen zen, noski. Taberna bat egoten zen auzoan, eta tabernako jabeak antolatzen ziren Bizkaigane eguna aurrera ateratzeaz. Tabernakoak nagusitu zirenean, gu gaztetxoak ginen, eta ohitura mantentzeaz arduratuko ginen galdetu ziguten. Horrela hasi ginen gu, gaur egunera arte”.
Gauzak horrela, ohiturak mantendu nahi dituzte Errigoitin, eta horretarako egun osoko egitaraua aurreikusi dute domekara begira. 11:30ean abiatuko dira ekintzak, oro har, mezagaz. Ondoren, Julenpo, Txiplas eta Areitio arituko dira bertsotan, jaiak alaitzen, Bermeoko Txistulariak eta Etxebarria aita-semeak Bizkaigane musikatzen duten bitartean. 13:00etan hasiko da Bizkaigane egunez hain esanguratsua den ardi-txakur erakusketa, eta antolatzaileek parte hartzaileak nortzuk izango diren jakinarazi dute: Asier Alegria eta Jai, Markel Enzunza eta Neka, Amaia Ondarza eta Zuma, eta azkenik, Unax Arrien eta Oihu arituko dira horretan.
Giro polita espero dute antolatzailek, “urtero bezala”. Hala, ingurukoei bertaratzeko deia egin die, ohiturak berresteko eta tradizioari segika egun “polita” igarotzeko aukera paregabea baita. Azkenik, Bizkaigane eguna aurrera ateratzeko laguntzen duten babesleak izan dituzte kontutan, haiei guztiei eskerrak emanez.