Baratze eta Lurraska baserri-eskoletako instalazioak hobetzeko 75.000 euro bideratuko dituzte
Eusko Jaurlaritzak 75.000 euro bideratuko ditu hiru baserri-eskolen instalazioak hobetzeko. Dirulaguntzaren onuradunak, besteak beste, Gautegiz Arteagako Baratze eta Ajangizko Lurraska izango dira.
Eusko Jaurlaritzak 75.000 euroko laguntza bideratuko du Euskal Herriko Baserri Eskolak (EHBE) sarea osatzen duten zentroen instalazioak hobetzeko eta mantentzeko. Dirulaguntzaren onuradunak, besteren artean, Gautegiz Arteagako Baratze eta Ajangizko Lurraska izango direla jakinarazi dute.
Laguntzari esker “sarbideetan eta kanpoko azpiegituretan lanak egitea, ekipamendu informatikoa berritzea, tailerretako ateak hobetzea eta osasun-ekipoak egokitzea” aurreikusten du Eusko Jaurlaritzak. Inbertsioaren helburu nagusia instalazioak egoera onean mantentzea dela azaldu dute, “zentroek beren hezkuntza- eta sentsibilizazio-jarduerarekin jarrai dezaten”.
Busturialdearen bihotzean kokatutako bi baserri eskolez gain, Dimako Lapurreketak ere jasoko du laguntza. Aipatu dute, hiru baserri-eskolek “35 urte baino gehiagoko” ibilbidea dutela, eta haur, gazte eta familiak euskal baserriaren eta lehen sektorearen errealitatera hurbiltzen dituztela. “Hiru zentruetan egiten diren jardueren bidez, parte-hartzaileek nekazaritza eta abeltzaintza-ustiategien funtzionamendua, elikagaien jatorria eta naturaren, lurraldearen eta elikaduraren arteko harremana ezagutzen dituzte”, gaineratu dute Eusko Jaurlaritzatik.
Baserri-eskoletan garatzen diren jarduerak baserriak eta landa-eraikinak, ukuiluak, baratzeak eta sukalde, jantoki zein ostaturako guneak uztartzen dituzten instalazioetan garatzen direla azpimarratuz, Eusko Jaurlaritzaren arabera, espazio horien mantentzea eta egokitzea “ezinbestekoa” da hezkuntza-jardueren jarraipena bermatzeko.
Gauzak horrela, instalazioak hobetuta, zentroek landa-munduaren eta gizartearen arteko lotura sendotzen eta baserria euskal landa-ingurunearen zein kulturaren funtsezko elementu gisa balioan jartzen jarraitu ahal izango dutela uste du Eusko Jaurlaritzak, eta beraz, inbertsioa aurrerapauso gisa ulertzen du.