Sukalki Eguneko lehiaketa, bueltan eta herritarren parte hartze handiak gatzozpinduta
Eleizalde Ikastolak eta udalak berriro antolatu dute pandemias geroztik egiten ez zuten Sukalki Eguneko sukalki lehiaketa herrikoia. Jai giroan eta "uste baino parte hartze handiagoagaz", gazte zein nagusia animatu dira lehiara.
Gaurkoa [irailak 12] egun seinalatua izaten ari da bermeotarrentzat. Sukalki Eguna data berezia da Andra Mari eta Santa Eufemia jaien egitarau barruan, eta aurten are gehiago. Izan ere, pandemiaz geroztik ez dute egin egun horretako sukalki lehiaketa herrikoia, eta, aurten, 60. urtemuga ospatzen ari den Eleizalde Ikastolaren grinagaz nahiz udalaren laguntzagaz, berreskuratu egin dute sukalki sukaldaririk trebeenak zeintzuk diren erakusten duen lehiaketa, Talan.
Orain arte, herritarrak urtez urte animatu izan dira sukalki kazolak jai giroan kozinatzera, baina lehiaren balio erantsirik gabe. Osagarri hori, baina, “begi onez” hartu dute bermeotarrek eta lehiara aurkeztu diren inguruko lagunarteek: 76 kazola aurkeztu dituzte sariketara. Epaileak “oso pozarren” agertu dira herritarrek ekimenaren bueltari eman dioten erantzun “bikainagaz”: “Uste baino kuadrilla gehiagok izena eman dute lehiaketara; beraien maila edo abilezia gastronomikoa edozein izanik ere, benetan polita eta garrantzitsua da lehiaketa faltan bota dutela eta aurrerantzean haregaz aurrera egiteko prest daudela ikustea”.
Fase biko epaiketa izan da gaurkoa. Epaimahaiak hiru alderdi eduki ditu kontuan: itxura, egoste puntua eta zaporea. Lehenengoak 0tik 5era arteko puntuazioa jaso du, eta beste biek, berriz, 0tik 10era artekoa. Hala, gehienez 25 puntu jaso ahal izan ditu kazola bakoitzak. Lehenengo balorazioaren ostean, bigarren dastaketa batera pasatu dituzte kazolarik puntakoenak.
Bada epaileek bereziki baloratu duten beste alde bat ere: gazteen esku hartzea. “Sarritan, tankerako txapelketa gastronomikoak adin tarte jakin batetik gorakoei zuzenduak direla dirudi, baina gaurkoan gazte jende pila bat animatu da parte hartzera; hori oso esanguratsua da, eta lehiaketa zelanbait faltan izan dutela bistaratzen du”.
Jan-edana, bestalde, kantu giroan ondu dute herritarrek: Josepa Kale Kale taldeak dantza betean jarri ditu eguergian zehar kazolak prestatzen ari ziren lagunarteak; arratsaldean ere, fanfarrea eduki dute, Xixiligaz batera herrigunerako jaitsierari ekin orduko. Hain zuzen, Bermeon jaiak ez du goia jo oraindik: iluntzeon, dantzaldia, suzko zezenak, Akerbeltzen erromeria emanaldia edota txosnaguneko abiadura lasterketa izango dituzte eguneko menuan.
Jaia, eskualdearen luze-zabalean.
Bermeotarrak, bestalde, ez dira asteburuan jaiaz gozatu asmoz dabiltzan bakarrak. Muruetarrek ere txapelketa eguna dute gaur, herriko jaien egitarau barruan: eguerdian paellarik onena zeinek egingo deman ibili dira; arratsaldean, tortillarik onena norena den ikusteko unea iritsi da. Nabarniztarrek mozorrotuta ekin diote egunari, eta gaurko azken orduok txarangaren doinuan girotuko dituzte, baita herriko plazan oholtzaratuko diren kontzertuen musikarenean ere; Streetwise, Gautegun eta DJ Areneren eskutik etorriko da jaiaren soinu banda. Kanalan ere ikusteko da mozorrorik onena nortzuena izango ote den: mozorro desfileagaz ekin diote andramarietako gaurko egitarauari, eta ordu txikitara artean egongo da ospakizunerako motiborik; horretaz arduratuko da, hain zuzen, DJ Fardy.
Andra Marien segidak, gainera, jarraipena edukiko du bihar zein datozen egunetan ere. Aipatutako herrietan, hamaikatxo jarduera antolatuak dituzte, hemen ikus daitezkeenak.