Artearen bitartez bidaiatzeko gonbidapena
Bermeoko Benito Barrueta Arte Elkarteak 75 urte betetzen ditu aurten. Begirada atzera bota, eta ibilbideaz "harro" dauden heinean, Andra Mari eta Santa Eufemia jaien baitan irailaren 16ra bitartean ikusgai egongo diren hiru erakusketa plazaratu dituzte.
Argazkia: Bermeoko Udala. Bi erakusketa, ikus-entzunezko bat eta urteetako ibilbidea. 75 urte bete ditu aurten Bermeoko Benito Barrueta Arte Elkarteak, eta urteurrena ospatzeko inoiz baino gehiago hurbildu nahi izan dute herritarrengana. Artearen bidez “jendearekin harremanak sortzea eta pasio hori transmititzea” izan dira urte hauetako lanaren oinarrietako batzuk.
Elkartearentzat, 75 urte betetzea ez da urte kopuru hutsa. Izan ere, urte hauetan guztietan artearen inguruan ezagutu duten jende kopuruak eta sortutako harremanek garrantzi berezia dute. “Artea teknika bat ikastea edo ondo margotzen ikastea baino gehiago da”, azaldu dute. Haien esanetan, alegia, artea pasio bat transmititzeko modu bat da, eta Bermeotik zein kanpotik hurbiltzen denak arteaz ikasteaz gain, elkartearen “gogo eta ilusioa” ere sumatzen du. Eta horrek asebetetzen ditu.
Urteurrenak, ordea, ospatzeko ez ezik, konpromisoak berritzeko ere balio izan du: elkarteak nabarmendu du urte hauetan guztietan euren alde lan egin duten guztiei zerbait bueltatu nahi dietela, eta horregatik “ahalegin berezia” egin dutela aurten herrira iristeko. Hala, irailaren 16ra arte hiru erakusketa dituzte zabalik Bermeon.
Horietako bat Nestor Basterretxea aretoan dago ikusgai, Herriaren ondarea izenburupean. Erakusketak Bermeoko Udalak erositako bilduma artistikoko 29 margolan biltzen ditu, eta lanen bidez herriaren historia, paisaiak, pertsonak eta nortasuna erakusten ditu. “Gehienak gaur egun hilda dauden artisten lanak dira, nahiz eta artista esanguratsuen lanak ere tartean dauden”, gaineratu dute. Irailaren 5ean inauguratu zuten erakusketa, eta urteurrenaren harira Bermeoko Udalaren oroigarri bat ere jaso zuten. Keinu hori eskertuta hartu dutela adierazi dute elkarteko kideek.
Barruetaren bizitza, pantailara
Nestor Basterretxea aretoak bigarren proposamen bat ere hartzen du, baina, kasu honetan zinemaren bidez. Elkartearen izena daraman artistaren inguruko 30 minutuko laburmetraia sortu dute, Barruetaren bizitza berriz ere herritarren begietara ekartzeko. Barruetaren izena ezaguna bada ere, elkarteko kideen ustez, herritar askok ez diote artistaren aurpegirik jartzen. Hori abiapuntu hartuta, bi aktore kontratatu dituzte Barrueta eta haren emaztea antzezteko, eta Alberto Bilbao gidoilariak osatu du ikus-entzunezkoaren gidoia.
Laburmetraia “elkarrizketa atenporal batean” oinarritzen da. Istorioan, elkarrizketa 2026an kokatzen den arren, Barrueta “zerutik itzultzen” dela simulatzen da, gaur egun bere antzinako historia kontatzeko. Horretarako, Arrantzaleen Museoa, Tala eta artistaren bizitzan garrantzi berezia izan zuten Bermeoko beste hainbat txoko erabiltzen dira eszenatoki gisa. Ikus-entzunezkoa egunean bitan eskaintzen dela nabarmendu dute, 19:30ean eta 20:30ean, eta horrela Barruetaren figura belaunaldi berriei ere hurbiltzeko aukera eskaintzen dute.
Urteroko hitzorduak ere ez du hutsik egin. Bermeoko Kofradia Zaharreko erakusketa Andra Mari Egunean inauguratu zuten, eta elkarteko bazkideen obrez gain, aurten artista gonbidatu bat ere izan dute: Jose Maria Fidarios.
Erakusketaren helburua, azaldu dutenez, herritarrek artea ulertzeko eta sortzeko dauden aukera ezberdinak ezagutzea da. “Jendeak begiak ireki eta artea osatzeko mila mekanismo daudela ikustea” nahi dute, oro har.
Izan ere, erakusketa horrek urtero jasotzen duen herritarren erantzuna bereziki nabarmendu dute. Elkarteko kideak “oso pozik” agertu dira urte hauetan guztietan Bermeoko herriak erakutsitako babesarekin, eta adierazi dute Andra Mari eta Santa Eufemia jaietan Kofradia Zaharreko erakusketak “arrakasta itzela” izaten duela. Urtero 2.500 eta 3.000 lagun artean igarotzen dira erakusketatik, elkartearen arabera. “Herria guztia pasatzen da Kofradia Zaharreko erakusketatik”, azaldu dute, eta bisitarien erantzuna ere oso positiboa izaten dela gaineratu dute. Datu horien arabera, Sukalkiaz gain, jaietan herriak gehien bisitatzen duen proposamenetako bat da erakusketa. Elkartearentzat, hori bereziki esanguratsua da artea “geroz eta gutxiago baloratzen den” gizarte honetan.
Artea, bizitza ulertzeko
75 urteko ibilbidearen atzean, beraz, erakusketak eta artelanak baino gehiago daude. Elkarteko kideen ustez, arteak herrian eta gizartean zeregin garrantzitsua izan dezake. Haien esanetan, “artea transmisiorako tresna” da; batez ere pasio baten transmisiorako baliabidea.
Horregatik, uste dute jendeak artearen garrantzia barneratzea aurrerapauso handia izango litzatekeela “herri eta gizarte moduan”. Egunerokoan artea presente izateak bizitza hobea, lasaiagoa eta osasuntsuagoa egiten duela defendatzen dute, beregain. Eta zelan ez, artea ez dela margolan batera mugatzen gogorarazi dute. Formak, koloreak, etxeak eta inguruan dagoen ia guztia ere artearen parte direla. Horregatik, herritarrak artearen bidez sentitzera eta “artearen bitartez bidaiatzera” animatzen dituzte.
75 urte igaro dira, baina elkartearen oinarrizko mezua argia da: artea ez da soilik erakusteko edo ikasteko zerbait; transmititzeko, sentitzeko eta herria elkartzeko modu bat ere bada.