Memoria, lurraldea eta adimen artifiziala batuko dituzten topaketak, Gu Kostaldea Herrigintzan plataformaren eskutik
Gu Kostaldea Herrigintzan plataformak «jardunaldi esperimentalak» egingo ditu irailaren 14an eta 19an, Elantxoben. «Parte-hartzeari, memoriari, lurraldeari eta narratiba digitalen elkarkidetzari» buruzko saioak izango dira.
Tokiko garapena bultzatzea helburu duen Gu Kostaldea Herrigintzan plataformak «jardunaldi esperimentalak» antolatu ditu Elantxoben, irailaren 14 eta 19rako. «Parte-hartzera, memoriara, lurraldera eta narratiba digitalen elkarkidetzara» bideratutako topaketak izango dira, eta Moviltik-Loturak elkartearen laguntza edukiko dute horiek garatzeko.
Astelehenean (irailak 14), lanaldi irekia egingo dute, 17:00etatik 19:00etara bitartean, Gregorio Renteria Kultur Etxean. Hilaren 19an (zapatua), ostera, Hackathon sorkuntza kolaboratiboko laborategi trinkoa edukiko dute, 10:00etan hasi eta 17:00ak bitartean.
Herritarrei, elkarteei eta tokiko eragileei zein erakundeei zuzendutako topaketa izango da lehendabizikoa, adimen artifiziala lurraldearen ezagutzaren, memoriaren, kulturaren eta etorkizunaren zerbitzura nola jar daitekeen elkarrekin hausnartzeko helburua edukiko duena. Jakinarazi dutenez, esperientzia batzuk partekatuko dituzte, tresnekin esperimentatuko dute eta erronkak, ideiak eta aukerak bilduko dituzte, Hackathon saiorako «abiapuntu gisa» balioko dutenak.
Adimen artifiziala lurraldearen ezagutzaren, memoriaren, kulturaren eta etorkizunaren zerbitzura nola jar daitekeen hausnartuko dute
Istorioak Sortzeko Makina. Hain zuzen ere, irailaren 19ko sorkuntza laborategian, adimen artifizialean, programazioan, diseinuan, ondarean eta kultur sorkuntzan espezialistekin batera, Istorioak Sortzeko Makinaren lehenengo prototipoa garatu eta esperimentatuko dute: «Urdaibaiko historia eta etorkizuna ikertzeko, interpretatzeko eta partekatzeko modu berriak sortzeko, lurraldearen ezagutza sakabanatua konektatzea ahalbidetuko duen kultur azpiegitura berri bat eraikitzen lagun dezakeen lan-protokoloa garatuko dugu. Ez da lehiaketa teknologiko bat, ezta espezialistentzat deitutako topaketa ere». Adimen artifizialari buruzko aldez aurreko ezagutzarik ez duten pertsonek parte hartu ahal izango dute, «memoria, materialak, esperientziak eta lurraldearen ezagutza eskainiz».
Plataformako kideek azaldu dutenaren arabera, Historiak Sortzeko Makina ez da tresna teknologikoa soilik, ezagutza tekniko handirik ez duten pertsonei adimen artifizialaren aukerak eskuragarri egiteko diseinatutako lan-protokoloa da. Ikertzeko, informazioa erlazionatzeko, memoria berreskuratzeko, kontakizunak sortzeko eta ideia eta proiektu berriak taldean garatzeko tresnak, materialak eta lan-faseak antolatzen ditu: «Elantxobeko jardunaldiek protokolo horrek tokiko ezagutza konektatzen, memoria aktibatzen eta lurraldearentzat aukera berriak sortzen nola lagun dezakeen egiaztatzeko balioko dute. Gainera, jardunaldi horiek gainerako udalerrietara eraman ahal izango dira gero».
Gautegiz Arteagako, Elantxobeko, Ereñoko eta Ibarrangeluko zenbait herritarrek sortutako plataforma da Gu Kostaldea Herrigintzan, eta ekimen horren helburua da «lurraldearen erronka nagusiak aztertzea eta etorkizun jasangarriagoa, bizigarriagoa eta kohesionatuagoa eraikitzea ahalbidetuko duten estrategiak identifikatzea da».
Prozesu horren abiapuntua dira erronka hauek: biztanleriaren zahartzea, etxebizitza lortzeko zailtasunak, jarduera ekonomikoaren galera, lan egiteko eguneroko desplazamendua, zerbitzu jakin batzuen hauskortasuna edo belaunaldi gazteei aukera berriak eskaintzeko beharra: «Aldi berean, natura, kultura eta giza ondare aparta dagoela adierazten du, baita lurraldearen garapenean laguntzeko gaitasuna duten pertsona, elkarte, ezagutza eta esperientzien sare zabala ere».
Gautegiz Arteagako, Elantxobeko, Ereñoko eta Ibarrangeluko zenbait herritarrek sortu zuten Gu Kostaldea Herrigintzan
Lankidetza erraztea. Identifikatutako erronka nagusietako bat sakabanatutako potentzial hori konektatzea da, eragileen arteko lankidetza erraztea eta dagoen ezagutza proiektu, ekimen eta aukera partekatu bihurtzea, eta testuinguru horretan sortu dute irailerako proposamena.
Kultura, partaidetza eta esperimentazio teknologikotik abiatuta, hausnarketa-prozesu horretan laguntzea planteatzen dute plataformakoek, adimen artifiziala lurraldearen zerbitzura nola jar daitekeen aztertuz, ikerketa, sorkuntza kulturala, adimen kolektiboa eta etorkizunen «eraikuntza partekatua indartzeko».
Ereñok, Gautegiz Arteagak, Ibarrangeluk eta Elantxobek «elkar hobeto ezagutzeko, beren ezagutza sakabanatua konektatzeko, ekintza kolektiborako gaitasuna indartzeko, etorkizun partekatua eraikitzeko eta beren nortasunetik, balioetatik eta esperientzietatik abiatuta, beren historia munduari kontatzeko», adimen artifizialaren aukerak kritikoki nola erabili ditzaketen aztertu gura dute.