Kontzientzia kolektiboa "hartu, landu eta indartzeko" Gu Kostaldea Herrigintzan plataforma sortu dute
Herri txikietako ekonomiaz eta etorkizunaz hausnartzeko eta herri txikietan antzematen diren beharrei erantzungo dien "gizarte dinamika plurala" sortzeko asmoz sortu dute plataforma. Solasaldi batzuk antolatu dituzte, eta lehenengoa Gautegiz Arteagan izango da eguenean (ekainak 11), 19:30ean.
Urdaibaiko itsasadarra Gu Kostaldea Herrigintzan plataforma sortu dute Gautegiz Arteagako, Elantxobeko, Ereñoko eta Ibarrangeluko zenbait herritarrek, herri txikietan zelako ekonomia eta etorkizuna gura duten hausnartzeko. Erronkak, arazoak eta aukerak elkarrekin aztertu gura dituzte, beraien helburua baita herri txikietan antzematen diren beharrei erantzungo dien gizarte dinamika plurala sortzea: “Gizartea ahalduntzea nahi dugu, eta behetik gorako dinamika bat sortu horretarako. Desberdin pentsa dezakegu, baina elkarrekin pentsatu behar dugu”.
Alderdi politikoak eta sindikatuak “gainditu” eta pentsamendu “ezberdinen” topagune bihurtu gura dute: “Helburua ilusioa piztea eta eragile aktiboak izatea da. Erakunde publikoek, eragile ekonomikoek, ezagutza eragileek eta gizarte zibilak elkarri eragitea, alegia”. Jakinarazi dutenez, dagoeneko hasi dira tokiko garapena bultzatzeko zirriborroa egiten, eta taldera batzen direnei horren berri emango dietela gehitu dute, “nahi dutenek ekarpenak egin ditzaten”.
“Kontzientzia kolektiboa hartu, landu eta indartu behar dugu herri txikien etorkizuna hobetzeko”
Hori dela eta, eta “masa kritikoa sortzea” beraien helburua denez, solasaldi batzuk antolatu dituzte. Gautegiz Arteagan izango da lehenengoa eguenean (ekainak 11), 19:30ean, kultur etxean. Bertan, Rosa de la Asuncion (‘Datuak, gabeziak eta indarrak’), Asier Gomez (‘Gazteak etorkizunari begira’), Jose Luis Bardon (‘Herri txikietan biharko eskola nola egin’), Agirre Lehendakari Centerreko ordezkariak (‘Entzutea eta parte hartzeko prozesuak’), Gu Kostaldekoak (‘Leiho berri bat’) eta Jose Luis Roncero (‘Cultura, comunidad y futuro desde el territorio’) ariko dira hizketan, bakoitzak berak dakienari buruzko hausnarketak partekatuz.
Bigarren saioa Ibarrangelun egingo dute ekainaren 16an (martitzena), 19:30ean, kultur etxean, eta hurrengoak ariko dira bertan: Rosa de la Asuncion (‘Datuak, gabeziak eta indarrak’), Haizeder herri eskolakoak (‘Herri txikietan biharko eskola nola egin’), Nerea Hormaetxe Behargintzako ordezkaria (‘Garapen lokaleko esperientziak’), Gu Kostaldekoak (‘Leiho berri bat’) eta Jose Luis Roncero(‘Cultura, comunidad y futuro desde el territorio’). Ereñon eta Elantxoben ere solasaldiak prestatuko dituztela aurreratu dute.
“Ez dugu arimarik eta bihotzik gabeko herririk nahi. Pertsonen bizileku bereziak nahi ditugu”
Hainbat taldetako ordezkariekin egon dira hartu-emanetan Gu Kostaldeko kideak, herri txikietako saioetan hausnarketa kritikoa bultzatzeko. “Herri txikiak beharrezkoak dira, eta etorkizuna dute Euskal Herrian. Herri txikietakook etorkizuna gure esku dugu, eta gure esku hartu nahi dugu. Tokian-tokian, leku bakoitzena, guk erantzun nahi diegu gure esku dauden beharrizanei”, argudiatu dute.
Izan ere, bizirik gura dituzte herri txikiak, ez dute nahi “lo-leku idilikorik”, ez eta postaletako argazki hutsik ere: “Ez dugu arimarik eta bihotzik gabeko herririk nahi. Pertsonen bizileku bereziak nahi ditugu”.
Eskutik helduta.
Horretarako, baina, herri txikien arteko elkarlana nabarmendu dute, asko baitira eta asko baitute elkarrengandik ikasteko eta elkarrekin partekatzeko: “Kontzientzia kolektiboa hartu, landu eta indartu behar dugu herri txikien etorkizuna hobetzeko eta gizarteko gainontzeko kide, eragile, talde eta erakundeekin erlazionatzeko”.
Etengabe eta oso azkar aldatzen doan mundu eta gizarte globalizatu honetan, herri txikiak ere “etengabean egokitu” behar dira. Eta, etorkizun ona izan dezaten, “etengabeko berrikuntza eta ikerketa bultzatu” nahi dituzte Gu Kostaldea plataformako kideek, landa eremuko komunitateek beharrezkoak dituzten arlo guztietan: gobernantza sistema berrietan, kulturaren garatzean, ekonomia berrietako aukeretan, ekologian eta abarretan. Beraz, erronka horri erantzuteko prestatu dira, eta kontzientzia kolektiboa indartzeko lehen pausoa eman dute.