Jaiak aldarrikapen plaza bihurtu, eta Palestinaren aldeko mezua zabaldu dute txosnakideek
Bermeoko Txosna Batzordeak Arrantzale Eguna baliatu du Palestinaren aldeko aldarria zabaltzeko. Hala, "Israelgo estatu genozidaren konplize" diren produktuekin edozein lotura eten egin dutela azaldu dute, bide batez "bertokoa sostengatuz".
Argazkia: Bermeoko Txosna Batzordea. Bermeoko Txosna Batzordeko kideek palestinaren aldeko konpromisoa izaten jarraitzen dutela aldarrikatu dute Arrantzale Egunez, ze, argi esan dute “jaiak aldarrikapenerako plaza” ere badirela. Hori horrela, 12:00etan jarri dute hitzordua, tarte bat hartu eta Palestinaren alde kokatzeko.
Aurten, “urrats bat aurrera” egitea erabaki dute txosnakideak. Izan ere, “Israelgo estatu genozidaren konplize” diren produktuekin edozein lotura eten egin dute, Euskal Herriko beste txoko askotan hasitako bideari jarraipena emanez: “Batetik, Euskal Musikariek Spotify-etik irteteko hartutako erabakiagaz bat, aurten guk ez dogu Spotify erabiliko musika jartzeko. Bestetik, freskagarri sionistak ez zerbitzatzeko hautua hartu dogu, BDZ mugimenduek eta beste herri batzuetan sortutako boikot-olatuek erakutsi digutelako posible dala beste eredu baten alde egitea. Olatu horreri heldu, eta aurten, guk ere Cocacola ta Pepsiri boikota egin diogu”.
Boikotaren aldeko apustua egitetik harago, “alternatibak daudela erakutsi” nahi dute. Horregatik, nabarmendu dute aurten txosnan zerbitzatuko dituzten freskagarriak Euskola etxekoak izango direla, “bertoko produktua babesteko” helburuz. “Azken urteetan BOGAren produktuekin egin dogun moduan, aurten ere gure inguruko ekoizleen aldeko apustua egingo dogu”, azaldu dute.
Logistikoki zailtasunak izango dituztela jakinda ere, “irmoki” sinesten dute Palestinarekiko elkartasun koherenteak merezi dutela, eta eguneroko erabakien bidez palestinar herriaren aldeko konpromisoa erakusteko asmoz hartu dute erabakia. Gauzak horrela, azpimarratu dute posible dela multinazional sionistei boikot egitea: “Posible da alternatibak bilatzea eta bertokoa sostengatzea”.