Heldu dira egunaro-egunaro kalean ibiltzeko egunak
Hasi dira Bermeoko Andra Mari eta Santa Eufemia jaiak, eta horiei hasiera emateaz arduratu da Garoa Martinez Anasagasti, Nadia Nemeh Shomaly alkatea ondoan zuela. Gaur, Almikan batu dira, Andra Mari egunaz gozatzeko, eta biharko Arrantzale Egunerako motorrak berotzeko.
Irrintzi artean Xixiligaz topatzeko eta egunaro-egunaro kalean ibiltzeko gogoa nabaria da Bermeon. Horregatik, mahonak jantzi, zapiak lepoan lotu, eta atzo iluntzean kalera atera ziren, bermeotarren egutegietan gorriz markatuta dituzten Andra Mari eta Santa Eufemia jaiei hasiera emateko. Bederatzi egun eta bederatzi mila ekintza izango dituzte aurretik herritarrek egunotan, beste urte batez jaiak goi-goitik gozatzeko.
Almikan berotu zuten giroa egunean zehar, urteroko jaitsieragaz jaiak eztanda egiteko asmoz. Kirolariz, rock abeslariz, indioz, igeriraliz eta beste horrenbestez mozorrotu ziren herriko gazte eta nagusiak, “ure, ure, ure” aldarrikatzen. Musika, dantza, ura, eta batez ere giro ona nagusitu zen atzo udalerriko bazter guztietan.
Mozorroak kendu, mahonak jantzi eta 20:00etan hitzordua zuten bermeotarrek udaletxe aurrean, txupinazoagaz batera aurtengo jaiei ongietorria emateko, eta zelan ez, Xixiliri ongietorria emateko. Garoa Martinez Anasagasti halterofiliaria izan zen pregoilari herritarren botoei esker, eta atzo, lotsak alde batera utziz kirola egitearen aldeko mezua zabaldu zuen marea urdinaren artean: “Lehiaketa, emaitza eta domina guztien gainetik, jarduera fisikoa osasuna da. Bakoitzaren ezaugarriak direnak direla, bizitza modu digno eta independentean eramaten laguntzen digu. Horregatik, denoi animatzen zaituztet zuen mugak gainditu eta ariketa fisikoa praktikatzera”. Bere ibilbidean hain garrantzitsu izandako klubak ere lehen lerroan jarri zituen, oro har: Urdaibai Eskubaloi taldea, Judo Kluba, eta Xixili Gimnastika taldea.

Mila emozio nagusitu ziren Andra Mari eta Santa Eufemia jaien hasieran, eta emozio horiek guztiak Nadia Nemeh Shomaly Bermeoko alkatearen ahotik atera ziren. Bermeotar izaera, hizkera, nortasuna eta jarrera “bakarrak” direla aldarrikatu zuen, harro. Gainera, argi utzi zuen Bermeo “herri antifaxista” dela. “Hemen ez dugu bere azalaren koloreagatik inor baztertuko, ezta jatorriagatik, ez emakume izateagatik. Bermeon ez dugu pentsamendu matxista, homofobo, arrazista eta inor gutxiesten dutenik onartuko. Ez dute tokirik hemen. Ze, gure herria denona da, eta kaleak ere denonak dira. Bermeon libre gura dugu izan“, azpimarratu zuen.
Eta zelan ez, Bitor Uriarte euskaltzale eta herrigintzaren aldeko langileaz oroitu ziren Goiko Plazan bildutakoak. Uriarte faltan botatzen dutela gehitu zuen Nemehk, eta bere omenez, eta bere semearen laguntzagaz, zerura bertso bat bota zuen: Jai parekide integradore, batzuk nahi dogu sentitu. Erasotzaile entzun eiguzu, dana ezin da konsegitu. Euskalki eder bat be badaku, ibiltiek merezi du. Esan guzulez “egin behar genuke” edota “einbilekidun”. Euskara dogu gure iraultza, popak euskeraz mobidu.
Egunaro egunaro kalien egoteko egunak heldu zaizkie, beraz, bermeotarrei, eta hori argi utzi zuten atzo. Kantatu egin zuten. Dantzatu. Gozatu. Besarkatu. Negar ere bai, akaso. Eta hori guztia alkateak hain ondo definitutako bermeotar izaeragaz egin zuten. Bermeotarrek dakiten moduan piztu zuten jai herrikoien sugarra, halaber.
Gaur, ordea, Andra Mari egunez, tradizioa ari da nagusitzen herrian. Goizean, alkate soinuagaz batera ekin, eta Almikara arte igo da udalbatza, Xixiligaz, herritarrekin, erraldoiekin eta Kankinkabara txistulari taldeagaz batera. Hala, ohorezko aurreskua dantzatu du udalbatzak eta Bermeoko Erraldoien Konpartsen ekitaldiaz gozatu dute. Gainera, Xixiligaz argazkiak ateratzeko eta ilehoriaren ileak hartzeko denbora ere izan dute, “zorte ona dakarrela sinetsita”.

Bihar, ordea, herria urdin ilun kolorez esnatuko den arren, edozein kolore zein formaz bukatuko du, ze, bermeotarrak Arrantzale Egunaz gozatzeko irrikitan daude, Andra Mari eta Santa Eufemia jaietako egun handiaz. Goizetik gauera bitartean musikatuko eta girotuko dituzte herriko txoko guztiak, elkartasuna ardatz izanik. Portuen martxie dala aprobetxatuko dute, beraz, herriko kaleak hartzeko.