Ea Lagunkoiaren fase berri bat hasiko dute asteon
Udalerri "inklusibogoa, irisgarriagoa eta bizi kalitate hobeduna" izateko asmoz, Ea Lagunkoia programaren fase berri bat hasiko dute eguenean [irailak 10]. Udalak hainbat bilerako egutegia eta programaren ekintza plana aurreratu ditu.
Eako Udalak Ea Lagunkoia programaren fase berri bat hasiko du bihar eguenean [irailak 10], eta herritarrek haren aurkezpen agerraldira deituak daude. Egitasmoaren helbuu nagusia, udaletik adierazi dutenaren arabera, udalerria “adin guztietako herritarrentzat geroz eta irisgarriagoa, inklusiboagoa eta lagunkoiagoa” izaten jarraitzea da, eta horretarako ezinbestekoa dute eatarren parte hartze aktiboa.
Proiektua Osasunaren Mundu Erakundeak (OME) babestuta dago, eta mundu mailako Udalerri eta Komunitate Lagunkoien Sarearen parte da; egun, 90 udalerritik gora daude saretuta. Ea duela hamarkada bat hasi zen inklusibotasunaren aldeko urratsak egiten, herritarrek eginiko ekarpenetan oinarri hartutako “lagunkoitasun diagnostikoa” onduz. Indusketa haren emaitzak urtebete beranduago argitara eman zituzten, Ea Lagunkoiaren lehendabiziko Ekintza Plana onartu zutenean. Plan hark udalerriko adinekoen bizi kalitatea “hobetzeko” eta detektaturiko beharrizanei “erantzuteko” jardueraz osatua zegoen.
Ia hamar urte beranduago, ualak prozesua “eguneratzeko” eta eatarrek egun dituzten beharretara “egokitzeko” asmoa du. Horrenbestez, diagnostiko berria egitea dute jomuga, urteotan izandako aldaketak identifikatzeko, erronka berriak zehazteko eta etorkizuneko Ekintza Planaren diseinuaren oinarriak ezartzeko. Egueneko aurkezpena, alde horretatik, “abiapuntua” izango dela nabarmendu dute. Orain arteko ibilbidea gogoratzeaz gain, herritarrek fase berriaren xedeak ezagutzeko aukera edukiko dute.
Ondoren, iraila eta urria bitartean, lau bilera parte hartzaile egingo dituzte Eskolondon. Saiootan, udalerriko bizi kalitateagaz erlazionaturiko “hainbat arlo” jorratuko dituztela argitu dute: “Herritarren esperientziak, beharrak eta proposamenak jasoko dira”. Irailaren 15ean, 18:00retan, garraio eta etxebizitzagaz lotutakoak landuko dituzte; irailaren 28an, 10:00etan, aire zabaleko espazioekin nahiz eraikinekin zerikusia dutenak.
Urriko saioei dagokienez, hilaren 6an 18:00retan bilduko dira, parte hartzea, gizarte sarea, errespetua, inklusioa eta enplegua ardatz; 26an, 10:00etan, komunikazioa, informazioa eta gizarte zein osasun zerbitzuak aztertuko dituzte. Ez hori bakarrik: “azaro edo abendurako” bosgarren bilera antolatzea aurreikusten dute, ondorio nagusiak aztertzeko, baina data “zehazteke dago” oraindik.
Bestalde, “lagunkoitasun inkesta” zabalduko dutela aurreratu dute; inkesta horretako galdetegiak formatu bitan eskurgarri izango dituzte eatarrek. Batetik, formatu fisikoan banatuko dituzte udalerriko “gune estrategikoetan“, eta 60 urtetik gorako herritarrek, berriz, beren etxeetan jasoko dituzte. Aipatutako guneetan, erantzunak jasotzeko kutxak ipiniko dituzte: Bedaronako txokoan, udaletxean, Eskolondon eta Natxituko bolatokian. Bestetik, Internet bidez ere bete ahalko da.
Diagnostiko berria “herritarren ikuspegitik” eraikitzeko asmoa dutenez, eatarrei prozesuan zehar “parte hartzeko deia” luzatu die udalak: “Herritarrengandik jasotako ekarpenak izango dira datozen urteetako jardueren oinarria. Helburua oso argia da: Ea herritar guztientzat geroz eta udalerri lagunkoiagoa, irisgarriagoa eta bizi kalitate hobekoa izatea”.