"Antzerkizaletasuna eta euskarazko sorkuntza" sustatzeko asmoz dator helduentzako antzerki tailerra, aurten
Bermeoko Udalak beste behin antolatu du helduentzako antzerki tailerra herrian, eta irailaren 30era arte egongo da zabalik izena emateko epea.
Herritarren artean antzerkizaletasuna sustatu eta euskarazko sorkuntza-lanari bidea eman nahi dio Bermeoko Udalak, eta horretarako, Euskara Sailaren bitartez, helduentzako antzerki tailerra antolatu du beste urte batez. Aditzera eman dutenez, izena emateko epea zabalik dago eta interesa dutenek irailaren 30era arte izango dute apuntatzeko aukera: Berhaz bulegoa edo udalaren egoitza elektronikoa ahalbidetu dute horretarako.
Tailerra 16 urtetik gorako herritarrei zuzenduta dagoela nabarmendu dute, bereziki “antzerkigintzan interesa duten eta komunikazio-gaitasunak landu nahi dituztenei”. 115 euroko prezioa izango du tailerrak, oro har, eta urritik ekainera bitartean egongo da martxan: eguaztenetan bilduko dira, 19:30etik 21:30era, Gizarte eta Kultura Etxean. Azken urteetan bezala, aurten ere Eneritz Artetxe aktore eta sortzaileak gidatuko ditu saioak.
Ekimenaren helburu nagusietako bat “aurreko urteetan egindako lanari jarraipena ematea eta, aldi berean, antzerkiaren bidez euskarazko sorkuntza artistikoa eta herritarren adierazpenerako gaitasunak sustatzea” dela argi dute udal ordezkariek. Horretarako, parte-hartzaileek antzerkigintzaren oinarrizko hainbat alderdi landuko dituztela azaldu dute, hala nola “gorputz- eta ahots-adierazpena, pertsonaien lanketa, erritmoa, inprobisazioa eta testuak”.
Ikaskuntza prozesua praktikara bideratuta egongo da, gainera: ariketa ezberdinen bidez landuko dituzte edukiak antzerki tailerrean, eta eskuratutako tresnak eszenan bertan aplikatzeko aukera izango dute parte-hartzaileek. Horrela, antzerkiaren mundura hurbiltzeaz gain, “norberaren komunikazio-gaitasunak, sormena eta talde-lana ere garatzeko” aukera izango dute.
Gaztetxoentzat ere bai
Horrez gain, Gabonetan gaztetxoei zuzendutako antzerki tailerra ere antolatuko du Bermeoko Udalak, antzerkiaren inguruko eskaintza adin-tarte ezberdinetara zabaltzeko asmoz. Gehitu dute informazio gehiago nahi izatekotan Berhaz bulegoan bertan zein Bermeoko Udaleko Euskara Sailean lortu ahal izango dela: 94 617 91 22 eta 688 84 73 47 (whatsapp bidez ere erantzuten dute) zenbakietan, zein euskera@bermeo.eus helbidean.