Andra Mari jaien erritmora
Bermeotarrez gain, Andra Mari jaietan bete-betean sartuta daude Muruetan, Nabarnizen, Muxikako Gorozikan eta Kanalan. Andra Mari Egunaz gozatzen ari dira gaur [irailak 8], eta datozen egunetan ere jai giroak ez du behera egingo.
Andra Mari jaiak bermeotarren agendetan ospakizun nagusia diren arren, Busturialdeko beste zenbait txokotan ere ospatzen dituzte, eta zelan gainera: hala muruetarrentzat, nola nabarniztarrentzat urteko hitzordurik esanguratsuenak dira andramariak; beraz, jardueraz betetako egunak bizitzen ari dira.
Gaur [irailak 8], Andra Mari egunez, jaiak abiatu dituzte Muruetako jaiak. Mezaostean, herriaren eta herritarren omenezko ohorezko aurreskua egin dute, eta, ondoren, eguerdiko mokadauan bildu dira herritarrak. Bolandera hotsak lehiarako deia adierazi du eta, pixkanaka-pixkanaka herritar andana bildu da plazan, bolo txapelketa eta bingo herrikoia egin asmoz.
Hamarnaka muruetar animatu dira bolo jokoan onena zein den ikusteko azterketara. Batzuek urteetako trebezia erakutsi dute; beste hainbati, berriz, bolo jokoa sarri ibiltzen ez direla igarri zaie. Jaia eta lagunarteko giroa, edozelan ere, bermatuta egon dira eguerdi osoan. Parte hartzaile bakoitzak bi aukera eduki ditu, multzoan jarritako hamabost boloko multzotik zenbat botako. Azkenean berdinketa haustean erabaki behar izan dira lehen hiru postuak, lehia oso estua izan delako. Azkenean, Nati Zuñiga izan da bolo gehien bota dituela, Jose Alberto Eskibelen eta Kontxi Asteinzaren aurretik, hurrenez hurren.
Gero, musikak eta ospatzeak erabateko isiltasunari tokia egin die: bingoan trebeena zein den ikusteko unea iritsi da. Zenbakiek errekaren modura egin dute beren bidea, lehen lerroa egitea lortu duen Patricio Jimenezek eskua altxatu orduko; hark eta Esperantxi Maguregik jaso dute sari hori. Bingoaren sari nagusia, baina, Juan Felix Agirrek irabazi du. Bihar [irailak 9], beste txanpa bat egongo da bolo txapelketarako eta bingorako. 19:00retan, berriz, Julen Axperen Furgonologo komedia saioaz gozatuko dute.
Asteburuan iritsiko zaie jaien gailurra. Zapatuan [irailak 12], herriko kuadrillek eta lagunarteek paella zein tortilla txapelketak edukiko dituzte, baita briska lehiaketa ere. Musikarik ere ez da faltako: Obieta aita-semeen zein Txapela Bravaren emanaldiak egongo dira, bai eguerdian, bai gaualdian. Domeka [irailak 13], besteak beste, euskal dantzen emanaldia, bertso saioa, mus txapelketa eta goitibeheren jaitsiera edukiko dituzte jaietako menuan.
Nabarniztarren kasuan, astelehenean [irailak 7] hasi zituzten andramariak, txupinazoagaz eta bakailao janagaz. Gaur, Arrapaladan taldeak girotu du eguerdi aldeko poteoa, eta arratsaldean, aldiz, Oier Jurado magoa arduratu da gazte zein ez hain gazteak zur eta lur uzteaz. Barikuan [irailak 11] mus eta briska jokoan neurtuko dituzte abileziak, eta hurrengo egunean herri bazkarian bilduko dira herritarrak, gainera, mozorrotuta. Txaranga giroa izango da nagusi iluntzean, eta musikak ez du etenik izango gauean: Streetwise, Gautegun eta DJ Arene igoko dira plazako oholtzara. Jaietako azken egunean herri kirol saioa zein esku pilota partiduak izango dituzte.
Kanalan ere, mezaosteko mokadua eta herri bazkaria eduki dituzte gaurkoan, hurrengo egunotan izango dituzten denetariko jardueren aurrekari: eguenean [iraila 10], herriko pala txapelketaren finalaurrekoak jokatuko dituzte; finalen txanda barikuan iritsiko da. Hain zuzen, zinta lasterketaren eta Arteagako Abesbatzaren emankizunaren artean jokatuko dituzte gizonezkoen eta emakumezkoen finalak. Gauez, eskualdeko kidez osatutako Ziraun taldeak girotuko du jaia. Zapatuan arratsaldetik ordu txikitara arteko egitaraua egongo da, betiere mozorroen koordenatuetan. Domekan, baina, egun osorako jarduerak prestatu dituzte: tortilla eta paella txapelketak, hamaiketako herrikoia edota ume, kadete zein nagusi mailetako esku pilota partiduak.
Muxikako Gorozikari dagokionez, hilaren 4az geroztik daude ospakizunean murgilduta. Gorozikarrek ere, mezaosteko mokadua eduki dute gaur, baina oraindik jaiak ez du behera egingo, arratsaldez briska jokoan onena zein den ikusteko unea helduko baita.