12.000 lagunek gozatu dute udan Klima Abenturaz
Arrakastatsua izan da uda, beste behin, Klima Abenturarentzako. Ez dira, baina, jardunaldiak bukatu: iraileko asteburuetan zabalik mantenduko da parkea, eta urrian ere jardunaldi berezi bat egingo dute.
12.000 pertsonak baino gehiagok gozatu dute Klima Abenturaz 2026ko uztailean eta abuztuan. Zifra horrek, Klima Abenturako arduradunek diotenez, “parkearen familia proposamenak udako hilabeteetan izan duen harrera ona islatzen du”, eta gainera, irailean Klima Abenturak asteburu guztietan, 11:30etik 19:30era, ateak irekita mantentzen dituen hilabeteari ere bide ematen dio.
“Egunerokotasunera pixkanaka itzuliz, Urdaibaiko esperientzia-parkeak aisialdirako alternatiba bat eskaintzen jarraitzen du familian gozatzeko, Urdaibaiko Biosfera Erreserban”, nabarmendu dute. Izan ere, bere instalazioek eta esperientziek aukera ematen dute jolasaren eta esperimentazioaren bidez “ingurumenera eta jasangarritasunera hurbiltzeko”, adin desberdinetarako entretenimendua eta ikaskuntza konbinatuz.
Iraileko programazioak, gainera, “hitzordu berezia” izango du irailaren 26an, larunbata, “Bertoko zaporeak eta kirolak” jardunaldiarekin, aurreratu dutenez. Gastronomiarekin, autozaintzarekin eta kirolarekin lotutako proposamenak bilduko ditu, hain zuzen: “Egunean zehar, parkean bizikletak konpontzeko tailer bat, Zihara Arrasateren eskutik familian autozaintza jarduera bat, GastroTeams formatu parte hartzaileko esperientzia gastronomiko bat izango da, non publikoak, jokoaren bidez, gastronomiako hainbat errezeta ikasi ahal izango dituen, eta euskal kirolariekin hitzaldiak ere izango dia, hainbat kirol diziplinatan izandako esperientziak partekatzeko”. Jardunaldiari esker, arduradunen hitzetan, “ohitura osasungarriei, jarduera fisikoari, autozaintzari eta gastronomiari lotutako esperientziak” hurbilduko zaizkie familiei.
Urrian, beste horrenbeste
Baina Klima Abenturak ez ditu ateak irailean zarratuko, ze, urrian ere izango dute zer kontatu: urriaren 4ean, alegia, Itsas Zaporeak jardunaldia hartuko du. Tailerrak, dastaketak eta showcookingak izango dira, eta parkearen programazioa udako hilabeteetatik harago zabalduko da.
Jarduera horiek parkearen hileko asteburuetako ohiko jarduerarekin bat egiten dutela gogoratuz, familiei Klima Abenturaz gozatzen jarraitzeko aukera eskaintzen dietela azpimarratu dute, udako hilabete nagusiez gain ere. Horrela, Klima Abenturak “aisialdia, natura, ikaskuntza eta jasangarritasuna uztartzen dituen esperientzia baten aldeko apustuari” eusten dio, eta ingurunea zaintzeari lotutako proposamenez familian gozatzeko espazio bat eskaintzen jarraitzen du.