Iraila heltzeagaz, ikurrina berria beragaz dakarren ohitura
50-60 lagun animatu dira III. Nabarnizko Igoeran parte hartzera. Iluntzar tontorreko ikurrina berritu dute, eta herrian poteo giroagaz biribildu dute ibilaldia.
Nabarniztarrak, tontorrean.Nabarnizko Udala Domekan [irailak 5], mendizaleek ez zuten hutsik egin Nabarniztik Iluntzar mendiaren gailurrerainoko hitzordura: Nabarnizko Igoeraren III. ekitaldia “ederto” joan zen. Jomuga biko ekimena prestatu du udalak: alde batetik, herritarrak mendiaren, giro onaren eta naturaren koordenatuetan elkartzea; bestetik, mendiaren gailurreko ikurrina aldatzea, eguraldiaren poderioz urtez urte higatu egiten baita.
09:00retan ipini zuten zita, Elexaldeko plazan, eta eguraldia lagun zutela egin zuten 6 eta 7 kilometro bitarteko igoera. Iluntzar tontorrean, ikurrina aldatuta eta mendiari berari dagokion omenaldia eginda, ohiturazko talde argazkia egin zuten. Hamaiketakoa ere ez zen falta izan, Mandalestako zelaian. Goitik behera eginda, berriro elkartu ziren herrigunean, Joseba Urrutiak girotutako trikipoteoa zain baitzuten, 12.30ak inguruan.
Herriko tabernatik txokora eta bueltan, aldarte “ederrean” ibili ziren herritarrak: “Trikipoteoak igoerak berak baino jende gutxiago izan du; dena dela, iaz eguraldiak parte hartzaile kopurua dezente txikitu baldin bazuen, aurtengo giro apartagaz jende gehiago animatu da. Gutxi gorabehera, 50-60 lagun igo ginen Iluntzarrera”. Horrenbestez, III. aldiaren balorazio positiboa eginda, nabarniztarrek izerdia botaz eta herriko gunerik berezienetakoari bisita eginez egin zieten ondoetorria bete-betean abian diren Andra Mari jaiei.