Arantzamendi, Ciavola, Cortijo eta Gonzalez, Mendatako mendi jaiaren lau hankak
450 lagun inguru bildu ditu 25. Mendata Ezagutuz mendiaren jaiak. Aurten, lasterketa laburra egin dute estreinakoz; Eider Arantzamendi eta Aitzol Cortijo gailendu dira. Mendi maratoiak Raffaella Ciavola eta Jarno Gonzalez izan ditu irabazle.
Argazkia: Pantxoa Gandarias. Mendata Ezagutuz mendizaletasunaren jaiak ez du hutsik egin aurtengoan ere. Mendia, kirola eta saretzea uztartzen dituen egun bereziak mende laurdeneko bidea bete du aurten. Internet bidezko aurretiazko izen emateak ia 400 laguneko kopuru “polita” utzi baldin bazuen, egunean bertan parte hartzera animatu zirenekin, “450 lagun inguru” bildu ziren Mendatako herrigunean: “Martxalari eta korrikalarien erantzuna oso ona izan da, pozarren gaude; 500 laguneko muga ipintzea erabaki dugu aurten, denei erantzun eta zerbitzu ahalik eta onena eman asmoz, eta azkenean dena ederto atera zaigu”.
Egitarauan erabat egonkortuta dauden 21 eta 37 kilometroko ibilaldiei eta maratoi distantziako mendi lasterketari berritasuna txertatu diete aurten: 13 kilometroko lasterketa laburra. Hain zuzen, gernika-lumotar bi izan ziren nagusi probaren estreinaldian: Eider Arantzamendi Uruburu eta Aitzol Cortijo Idoiaga. 40 korrikalariren bueltan azaldu ziren irteera lerrora eta, besteak beste, Arrolape Mendi Klubeko lasterkariek ezarri zuten probaren langa. Cortijok 01.06.53an biribildu zituen lanak; Arantzamendik, aldiz, 01.22.21ean. Bigarren postuan, hurrenez hurren, Ekaiz Lejarzegi Urizar ajangiztarra (01.06.55) eta Nahia Ibarzabal Gisasola markina-xemeindarra (01.21.30) sailkatu ziren.

Argazkia: Pantxoa Gandarias.
Lehen aldietan jendearen erantzuna “zelakoa izango den” jakitea maiz gaitza denez, lehen aldiagaz “pozik” azaldu dira antolatzaileak: “Hobetu daitekeen zenbakia da, baina guk, kantitateari barik, kalitateari erreparatzen diogu lehendabizi; alde horretatik, uste dut korrikalariak asebeteta geratuko zirela ibilbideekin, anoa postuekin, helmugako tratuarekin eta, oro har, herritarren auzolanarekin”.
Sororitatea, bigarren posturako.
Mendi maratoiari dagokionez, beste ekitaldi batzuetan baino denbora erregistro apalagoak egon zirela adierazi dute. Parte hartzea 30 lagun inguruko izan zen. Gizonezkorik bizkorrena Jarno Gonzalez Zarraonandia (04.18.20) galdakoztarra izan zen, eta emakumezkoen artean garailea Mendata sobera ezagutzen duen Raffaella Ciavola di Girolamo (05.30) gasteiztarra izan zen.
Gizonekoen silkapeneko bigarren postua Endika Amezaga Etxebarria berangoztarrak (04.20,27) poltsikoratu zuen. Emakumezkoen artean, baina, gernika-lumotar bik bigarren postua partekatu zuten: Ziortza Barruetabeña Erdaide eta Maialen Basterra Fernandez arrolapetarrek; biek ala biek 05.45ean gelditu zuten erlojua.

Argazkia: Pantxoa Gandarias.
Bestalde, martxalarien iritziak eta hobekuntzarako iradokizunak biltzen ibili zen antolakuntza: “Martxalariek oso aseta amaitu zituzten ibilbideak; anoa postuetan denetarik izan zutela eta ibilbideak ondo garbituta topatu zituztela adierazi digute”. Ez da, beraz, inondik inora kasualitatea eguerdi aldera plazan eta udal pilotalekuan elkartutako jende andana, bazkari herrikoia tarteko: “600-700 lagun bildu ginen”.
Izena ematen duten gehienak eskualdekoak edota ingurukoak dira, baina Lea-Artibaitik, Bizkaiko beste hainbat txokotatik edota Araba zein Gipuzkoatik bertaratzen direnak ere badaude. Horiei Madril, Burgos edota Cacerestik hurreratutakoak gehitu behar zaizkie, gauzak geroz eta hobeto antolatzen ari garen zantzu”.