"Aitzakiarik ez" Bermeon euskara ikasten ez hasteko
Urrian hasiko dira guraso eta etorkinentzako euskara ikastaroak, Bermeon. Irailaren 23ra arte eman daiteke izena Berhaz bulegoan edota dagokion euskaltegian. Bestalde, herriko hiru zentroetan 2026-2027 ikasturtean euskara ikasteko matrikulazio kanpainak ere martxan daudela gogoratu dute.
Bermeoko Udalak Euskara Sailaren bidez, gurasoentzako eta etorkinentzako euskara eskolak antolatu ditu, beste behin, AEK eta Gotzon Garitaonaindia euskaltegiekin elkarlanean. Ekimen horrekin, udalak, alde batetik, familia bidezko transmisioa indartu nahi du, euskara ez dakiten gurasoei erraztasunak emanez; bestetik, ordea, Bermeora kanpotik etorri direnentzat euskara ikasteko aukera zabaldu nahi du. Aditzera eman dutenez, horietako baten interesa izanez gero, irailaren 23a bitartean eman daiteke izena, Berhaz bulegoan zein dagokion euskaltegian.
Iker Bilbao San Nikolas euskara zinegotziak esan duenez, urrian emango diote hasiera ikastaroei, eta ekainera arte luzatuko dira. Gainera, euskaltegi batean zein bestean “taldeei egokitutako metodologiak” erabiliko dituzte. Gurasoentzako euskara ikastaroak AEK euskaltegiak eskainiko ditu. “Ikastaro hauetan bai euskaraz ez dakitenek, edota maila baxua dutenek parte hartu dezakete”, adierazi dute AEKtik. Hala nola, seme-alabekin komunikatzeko trebetasunak landuko dituzte, ulermena garatzen eta berba egiten hasiko dita, eta testu laburrak irakurtzen zein idazten ikasiko dute. Hain zuzen, “metodologia praktikoa” erabiltzen dute, egunerokotasunagaz loturiko ariketak eginez. Nabarmendu dute “astean birritan” izango direla ikastaroko klaseak, egun bakoitzean bi orduko klaseak burutuz.
Aurten, gainera, HABEk 120 euroko euskara boua martxan jarri duela azaldu dute: “Bonu hori ordainduz, lau ikasturte edo 720 orduko klaseak jasotzeko aukera izango dute hasiera maila duten ikasleek”. Hasiera maila baino maila altuagoa duten ikasleen kasuan, ostera, irakaskuntza ibilbidea ordu kopuruan eta ikasturtetan murrizten joango da, zenbat eta maila altuagoa izan, A2 mailara arte. Era berean, gogoratu dute ordaintzeko arazoak dituzten ikasleen kasuan ikasle horri “HABEk ezarritako betekizunei loturiko tratamendu berezia” emango zaiola matrikula ordaintzeko.
Etorkinentzako ikastaroen ardura, berriz, Gotzon Garitaonaindia euskaltegiak izango du. Aditzera eman dutenez, beraien helburu nagusia etorkinei euskara ikasteko aukera ematea da, “integrazio errazagoa” izan dezaten. Kasu honetan ere astean lau ordutan bilduko direla aurreratu dute; bi ordu, bi egunetan. “Komunikatzeko oinarrizko gaitasuna” lantzen da ikastaro horretan, HABEk garatutako Aisa metodologiaren bitartez: “Klaseak oso praktikoak izaten dira, helburua erabilera delako, eta erabilera horren bitartez etorkinek gure kultura ezagutzea eta gure artean errazago integratzea nahi dugulako”. Azpimarratu dute ikastaro horren prezioa 10 eurokoa dela, materialaz (17,50 euro) aparte. Gainera, kasu honetan ere, AEK-k aipatutako HABEren bonua jasotzeko aukera egongo da.
Bestalde, Hizkuntza Eskola Ofizialak ere 2026/2027 ikasturterako eskaintza zabala daukala erakutsi du, “maila guztietako” tadeak eskainiz. Esan dutenez, “oinarrizko komunikazioa lortzea” dute helburu, “giro abegikorrean ea ikasle bakoitzaren ezaugarriak kontuan izanik”. Horregatik, hizkuntza eskolak eskaintzen duena, “metodologia komunikatiboa eta aktiboa” dela aipatu dute. Horrez gain, bakarkako arreta eta eskola inklusiboak ere eskaintzen dituztela esan dute.
Guraso eta etorkinentzako ikastaroekin alderatuz, Hizkuntza Eskola Ofizialean izena emateko epea abenduaren 30era bitartean zabalik egongo dela esan dute, baina gogoratu dute gehienek irailean egiten dituztela, eta beraz, ahalik eta arinen matrikulatzeko gomendioa zabaldu dute. Matrikularen prezioa, oro har, “sinbolikoa” da, eta ordaintzeko arazoak izatekotan, “beka ugari eskatzeko aukera” dagoela gogoratu dute.
Gauzak horrela, hiru zentroetako informazio eta erraztasunak kontuan izanik, ikasturte honetan euskara ikasten ez hasteko “aitzakiarik ez” dagoela plazaratu dute AEK, Gotzon Garitaoinaindia eta Hizkuntza Eskolako ordezkariek, eta Nadia Nemeh Shomaly Bermeoko alkatea “oso pozik” agertu da horregaz: “Aurten ere guraso eta etorkinentzako euskara eskolak eskaintzea oso berri ona da guretzat, aukera polita baita jendea euskarara eta euskal kulturara hurbiltzeko”. Horrez gain, herriko euskaltegietako eta Hizkuntza Eskolako ordezkari eta langileei eskerrak emateko tartea ere hartu du, “etengabeko lanagatik”. Bermeon euskara ikasteko aukeren abanikoa zabala dela aipatuz, herritarrak animatu ditu ikastaro bakoitzaren inguruko informazioa eskatzera, eta bide batez, euskara ikastera.
Euskara ardatz izaten jarraitu dute, gainera, Bitor Uriarte euskaltzale eta herrigintzaren aldeko langileaz oroituz. Uriartek “Bermeon euskararen alde egindako lan guztia” aitortu, eta berarekin pasatako edo bizitakoak kontatzeko tartea hartu dute, herriaren alde egindako guztiagatik eskerrak emateaz gain. Bermeoko alkateak aurreratu du data heldu ahala informazio gehiago zabalduko duten arren, urriaren 10ean Bitor Uriarteren omenez ekitaldi ofiziala antolatuko duela Bermeoko Udalak.