Ia 400 mendizale, erronkarako prest
Domeka honetan [irailak 6] egingo dute 25. Mendata Ezagutuz. Aurten, lasterketa laburra gehitu dute mendia eta herrigintza uztartzen dituen egitaraura. Gaur-gaurkoz, ia 400 mendizalek aurretiaz izena eman dute.
Domekan [irailak 6], Mendata eta bertako mendi bideak eskualdeko zein inguruko mendizaleen epizentro bihurtuko da berriro. Mendata Ezagutuz martxa eta lasterketa, “herrigintza eta mendizaletasuna” uztartzen dituen egun berezia, bere 25. urtemugara iritsiko da aurten, eta antolatzaileek “dena prest” dute bai martxalariak, bai lasterkariak hartzeko. Mende laurdenaren mugarria, gainera, berritasunez hartuko dute: orain arteko ibilbideei mendi lasterketa laburra batuko zaie.
Antolakuntzak mendizale “profil guztiak” asebetetzea helburu duen egitaraua prestatzea bilatu dute. Hala, maratoi distantziako lasterketari eta bai 11, 21 eta 37 kilometroko mendi martxei 13 kilometroko korrikaldia batuko zaie. “Aspaldion formatu horretako lasterketak ugaritzen ari dira han-hemen, asko izan dira tankerako bat antolatzea proposatu digutenak; beraz, aurten urrats hori egitea erabaki dugu, eta erantzuna zelakoa izango den ikusteko irrikaz gaude”.
Hain zuzen, gaur-gaurkoz, mendizaleak beste urte batez Mendatara hurreratzekotan daude. Izan ere, ia 400 lagunek (zehazki 383 mendizalek) aurretiaz izena eman dute. Izen emate muga 500 lagunekoa izango dela aurreratu dute, eta Internet bidez egiteko aukera dago oraindik, biharko [irailak 3] gauerdia orduko. Hori bai, aipatutako muga harrapatu ezean, egunean bertan ere izena emateko aukera egongo dela iragarri dute. Iaz, 450 lagun inguru bildu ziren Mendatako herrigunean, eta aurten “kopuru horretatik hurre edo gorago” ibiltzeko asmoz daude.
Eguneko egitarauari dagokionez, 21 eta 37 kilometroko martxalariak izango dira irteten lehendabizikoak, 08:00retan; maratoiko korrikalarien irteera ordua 09:00rak izango dira, eta lasterketa laburrekoena, aldiz, 10:30ak; “familiei edota mendian hain sarri ez dabiltzanei” zuzendutako martxa laburra 09:30ean abiatuko dute. Bidean, anoa postu solido zein likidoak topatuko dituzte parte hartzaileek.
Helmuga harrapatu ostean, jaiak ez du etenik edukiko. Ohiko modura, “jan-edana eta jai giroa” bermatuko dituzte frontoi bueltan, bazkari herrikoia barne. Sari banaketa ekitaldian, maratoiko zein lasterketa laburreko lehen emakumezkoa eta gizonezkoa omenduko dituzte. Iaz, lasterketa “sobera ezagutzen duen” Raffaella Ciavola di Girolamo gasteiztarra izan zen maratoiko emakumezkorik bizkorrena. Gizonezkoen sailkapenaren buruzagitza, berriz, eskualdean geratu den: Arrolape Mendi Klubeko Ibai Urrutia Arandia belendiztarra gailendu zen.