Berritasunez dator mende laurdena betetzen duen Mendata Ezagutuz
Irailaren 6a [domeka] agendetan letra larriz markatu beharreko eguna izango da eskualdeko nahiz inguruko mendizaleentzat: egun horrexetan egingo dute 25 urteko bidea beteko duen Mendata Ezagutuz. Mendata “mendiaz eta kirolaz gozatzeko prest” dagoela aurreratuta plazaratu du aurtengo egitaraua Mendatako Udalak, berritasun bat edukiko duena: 13 kilometroko mendi lasterketa egingo dute estreinakoz.
Probarik zaharrenak beteko ditu aurten 25 urte, alegia, ibilbide edeo martxa neurtuak. Hori bai, hogeigarren urtemugara ailegatuko den mendi maratoia ere ez da faltako, aipatutako 13 kilometroko azterketa berriaz gain. Internet bidezko aurretiazko izen ematea zabalik dago, irailaren 3a bitarte, 18 euroren truke. Egunean bertan animatzen direnek 25 ordaindu beharko dituzte.
Martxa ertaina, 21 kilometrokoa, eta ibilbide neurtu luzea, 37koa, izango dira lehendabiziko irteerak; biak ala biak 08:00retan hasiko dituzte. Mendi maratoiko parte hartzaileak 09:00retan hasiko dira korrika. Martxa laburrekoek 11 kilometro egin beharko dituzte, 09:30ean hasita. Azkenik, lasterketa laburreko lasterkariak 10:30ean irtengo dira.