Astelehenera arte zabalik egongo da playback txapelketan izena emateko epea
Bermeoko Andra Mari eta Santa Eufemia jaietako ohiko hitzorduari eutsiko diote aurten ere: playback txapelketa. Aurten, hilaren 15ean egingo dute, eta izena emateko epea zabalik egongo da irailaren 7ra (astelehena) arte.
Andra Mari eta Santa Eufemia jaietan abaniko zabala eskainiko du Bermeok; besteren artean, herritarrek dagoeneko egutegietan gorriz markatuta duten urtez urteko playback txapelketa. Irailaren 15ean jarri dute hitzordua aurten, eta gogoratu dute parte hartu nahi dutenek hilaren 7a baino lehen eman beharko dutela izena Gizarte eta Kultura Etxean.
Txapelketa hiru multzotan banatuko dutela nabarmendu du Bermeoko Udalak, parte hartzaileen adinaren araberako taldeak osatuz: umeak izango da 16 urtez azpiko partaideek osatuko dute multzoa; 17 urtetik gorakoek, ordea, nagusiak multzoa osatuko dute; azkenik, umeak eta nagusiak nahastuta lehitzen duten taldeek ere izango dute aukera, nahastata multzoan. Izena ematean taldekideen eta aukeraturako abestiaren izenak jakinarazi beharko dira; horrez gain, abestia bera eraman beharko da, USB memoria baten barruan. Azaldu dutenez, ezin izango da abestia errepikatu; ondorioz, bi taldek abesti bera aukeratzen badute, izena ematen lehena izandakoak izango du lehentasuna.
Musikarekiko, argi esan dute ez dutela abesti ezta koreografia “sexista, iraingarri eta homofoborik” onartuko, eta hori errespetatu ezean taldeak lehiaketatik kanpo geldituko direla. Era berean, gogoratu dute koreografiak dantzatzeagaz batera, beharrezkoa dela abestiak abestea.
Gauzak horrela, irailaren 15ean 17:30ean jarri dute hitzordua, Lamerako eszenatoki atzean. Horrez gain, euri asko izango balitz playback txapelketa irailaren 18ra atzeratuko luketela gaineratu dute udal ordezkariek.