Atzoko Gazte Eguneko hasierak gaurko txupinazoagaz jarraipena izango du
Gautegiz Arteagako Gazte Egunaren ondoren, arteagarrek San Antolin jaiez bete-betean gozatuko dute gaurtik [abuztuak 28] irailaren 2a bitarte.
Arteagarrek atzoko [abuztuak 27] Gazte Egunagaz hasi zuten uda akabuko jaien biraren azken etapa, baina oraindik ekimenez, ospakizunez eta jai giroaz beteriko egunak dituzte aurretik. Gaurtik [abuztuak 28] irailaren 2ra bitartean, San Antolin jaiez gozatzen ariko dira herritarrak. Gaur arratsaldean, Artie Dantza Taldeko kideen emanaldiak berotuko du aldartea, txupinazoa orduko. Ondoren gazteen frontenis txapelketa herrikoiaren finalak jokatuko dituzte, eta, frontoitik plazara bueltan, Suederren eta Txapela Bravaren kontzertuak orduko.
Zapatuan [abuztuak 29], Tabernazarre Egunez, tortillarik onenak nork kozinatuko duen ikusteko txanda izango da. Lehiarako mahaiak zein aulkiak “09:30ak inguruan” eroaten hasteko aukera egongo dela azaldu dute udaletik, eta iragarri aurtengoan txapelketa egiteko sua “ezingo dela lurrean egin“: “Barbakoak erabili beharko dira”. Arratsaldeko gailurra mozorro lehiaketa izango da; horri dagokionez, nork bere musika “goizerako prest” edukitzeko eskatu dute antolatzaileek, eta gogoratu dute “gehienez minutu eta erdiko” iraupena izan beharko duela. DJ Markelinen musika saioak biribilduko du Tabernazarre Eguna.
Sustabiz Fundazioko herri kirolarien ikuskizun parte hartzaileagaz botako dituzte izerditan bezperako guztiak, domekan. Ondoren goitibehera jaitsieraz edota mus txapelketaz gozatzeko aukera egongo da. Hain zuzen ere, udaletik azpimarratu dute Egala tabernan egin beharko dela izen ematea, 20 euroren truke, 17:00etatik aurrera. Garaileek batutako diru horren guztiaren erdia jasoko du, irabazlearen txapelaz gain; bigarren sailkatuek, batutako diruaren %25; hirugarrenek, %15; laugarrenek, azkenik, %10. Domekako egitaraua Demode Quarteten ikuskizunak biribilduko du.
San Antolin egunean, irailaren 2an, herriko txistularien doinupean egingo dute izen bereko santuaren omenezko baselizara ohiturazko igoera, eta eguerdian jaitsiera herrikoia egingo dute bertatik. Herrigunean, Etxebarria aite-semeek edukiko dute apar jaia girotzeko ardura. Arratsaldean, haur zein nagusi frontoira tokialdatuko dira, bertan esku pilota partiduak egongo baitira. Hain zuzen, Lea Ibarra Motrollo pilota elkarteko gaztetxoenak izango dira kantxaratzen lehendabizikoak, baina ez bakarrak: elite mailako binakako partidu ikusgarria prestatu dute. Zabalak eta Morgaetxebarria osaturiko bikoteak Muruaren eta Arangurenen aurka neurtu beharko ditu indarrak, 18:00retan hasirik, Masters Caixabank txapelketaren aterkipean.
Gautegiz Arteagako alkate Patrik Saituak “belaunaldien arteko topaketa, tradizioaren transmisioa eta jaiak errespetuz nahiz elkartasunez bizitzeko garrantzia” nabarmendu ditu, herritarrei jaietan “parte hartzeko eta tradizioak bizirik mantentzeko” deia luzatuz. Alkateak azpimarratu du jaiak ez direla soilik “egitarau bateko ekitaldiak”: “Herria egiteko elkarrekin egoteko eta gure ohiturak belaunaldi berriei transmititzeko uneak dira”. Jaien elkar partekatze eta dastatzeak, baina, ez du inongo erasoaldirik onartuko: eraso matxistarik gabeko jaien dekalogoa plazaratu dute, oinarrizko hamar ardatz edo alderdi dakartzana.
Gazte Asanbladak ere, Gazte Egunaz harago, beste zenbait jarduera antolatu ditu herriko jai nagusiei begira. Gaur, 20:30ean hasita, trikipoteoa eta mahaigainekoa egingo dute Egalan. Tabernazarre Egunari begira, egun hain berezia modurik onenean biribiltzeko ekimena prestatu dute: 01:00ean, DJ Fashion musika jartzailea ariko da. Hilaren 31n, “arratsaldepasa musikatua” egingo dute, Mangual binito pintxada tarteko. Hurrengo egunerako, azkenik, Kontzertu Gaua antolatu dute, Txuleton´s taldeagaz.
EGITARAUA
Gaur, Txupinazo Eguna.
19:00. Artie Dantza Taldearen emanaldia.
Ostean. Txupinazoa.
20:30. Frontenis txapelketaren finalak.
20:30. Pintxopotea eta mahaigainekoa, Egala tabernan.
22:00. Kontzertuak: Sueder eta Txapela Brava.
Bihar, Tabernazarre Eguna.
12:00. Tortilla txapelketarako izen ematea.
14:00. Tortillen aurkezpena.
14:30. Sari banaketa.
Ostean. Herri bazkaria.
01:00. DJ Fashion.
Etzi, domeka.
12:00. Sustabiz Fundazioaren herri kirol erakustaldia.
16:00. Goitibehera jaitsiera.
17:00. Mus txapelketarako izen ematea.
17:30. Mus txapelketa.
Ostean. Demode Quartet.
Abuztuak 31, astelehena.
18:30. Arratsaldepasa musikatua: Mangual binilo pintxada.
Irailak 1, martitzena.
19:30. Kontzertu Gaua: Txuleton´s taldea.
Irailak 2, San Antolin Eguna.
11:00. Txistulariekin batera, igoera.
12:00. Meza nagusia.
14:00. Jaitsiera.
Ostean. Apar jaia eta Etxebarria aita-semeak.
17:30. Esku pilota jaialdia.
18:00. Elite mailako binakako partidua.
Ostean. Txokolate jana.