Gazte Eguna, aurreikuspenik itxaropentsuenekin
Hilaren 27an egingo dute Gautegiz Arteagako Gazte Eguna, bertako gazte asanbladaren eskutik. Egun osorako egitaraua prestatu dute, paella txapelketa herrikoiagaz hasi eta kontzertuekin biribilduta.
Ospakizun usaina nabari askoa da arteagarrentzat: abuztuaren amaieragaz batera, Antolin Deunaren jaiak ospatuko dituzte herritarrek nahiz ingurutik bertaratutakoek. Hori bai, udalerriko jai nagusiez harago, badute udaren azken txanpari aurpegi onez itxaroteko beste motiborik ere: Gautegiz Arteagako Gazte Eguna ate joka da.
Gautegiz Arteagako Gazte Asanbladak egun osoko ospakizuna prestatu du hilaren 27rako, goizetik hasi eta gaualdia bitarte. Kozinatzen trebeena zein den ikusteko aukera edukiko dute lehenik eta behin; 10:30ean ipiniko dute abian Gazte Egunaren egitaraua, paella txapelketa herrikoiagaz. Kuadrilla eta lagunarte parte hartzaileek ordu horretatik 12:30ak bitarte edukiko dute lehiara izena emateko aukera. Bien bitartean, 12:00etan, gazteek txupinazoa egingo dute, egun bereziari dagokion hasiera ofiziala emateko. Txapelketara aurkezteko paellak, bestalde, 14:00etarako prest egon beharko direla aurreratu dute.
14:30ean lehiaketaren sari banaketa ekitaldia egingo dute, eta, sukaldaritza dema nahiz norgehiagokak atzean lagata, talde bazkari herrikoia egingo dute gazteek, mahaiaren inguruan bilduta. 16:30ean, indarrak berriturik, jokoen txanda iritsiko zaie; antolatzaileek aurreratu dute, besteren artean, bingo musikatua, irrintzi txapelketa edota txapel jaurtiketa egingo dituztela. 18:00retan, herria karro poteoagaz girotuko dute eta, 20:00retatik 21:00retara, happy hour-a egongo dela iragarri dute.
Plaza, gauez, zuzeneko musikaren topagune bihurtuko da. 22:00etan hasita, Silitia eta Alarma Morea taldeak izango dira oholtzaratzen lehendabizikoak, baina ez bakarrak: Laprast Erromeriaren eta DJ Xaukena Xauk-en txanda izango da ostean. Bien bitartean, 20:30etik 23:00etara arte “afaritarako eskaintza” eskuragarri egongo da. Asanbladakideek nabarmendu dute “pertsona guztiak” ondoetorriak izango direla, “baina ez jarrera guztiak“. Hala, eskualdeko gazteei bertaratzeko deialdia luzatu diete, baina jai egun berezi horretan ez dute inongo erasorik onartuko.
EGITARAUA
10:30-12:30. Paella txapelketarako izen ematea.
12:00. Txupinazoa.
14:00. Txapelketarako paellen aurkezpena.
14:30. Sari banaketa eta bazkari herrikoia.
16:30. Jokoak.
18:00. Karro poteoa.
20:00-21:00. ‘Happy hour’-a.
20:30-23:00. Afaritarako eskaintza.
22:00. Kontzertuak.