Obretan dauden bidegorrietako sare elektrikoen lurperatze lanak koordinatzeko hitzarmena
Bizkaiko Foru Aldundiaren Azpiegitura eta Garapen sailak lankidetzarako hitzarmena sinatu du Iberdrolagaz, Urdaibai Biosfera Erreserban obretan dauden bidegorri eremuetako sare elektrikoen lurperatzea sustatzeko. Akordio horregaz, lurraldeko bizikleta bideen eraikuntza lehendik dagoen sare elektrikoaren “hobekuntzagaz eta modernizazioagaz” uztartu gura dute.
“Sinergiak identifikatzean” datza Aldundiaren eta I-DE Redes Eléctricas Inteligentes (Iberdrola taldea) arteko hartu-emanaren muina: azpiegiturak paisaian “hobeto integratzea” bilatuko dute, ingurumen inpaktua “murrizteko” eta balio ekologiko handiko naturgune babestua jagoteko asmoz. Lankidetza hitzarmenak Bizkaian dauden zazpi bizikleta bide edo korridoreetatik “handienetako bati” eragingo dio: Bizkaiko Bizikleta Bideen Lurralde Plan Sektorialaren bosgarren lineari; Gernika-Lumo eta Bermeo lotzen ditu, Foruan, Muruetan, Busturian, Sukarrietan eta Mundakan barrena.
Akordioa “gehienez” lau urteko indarraldiduna izango da
Akordioa sinatu duten alderdietako bakoitzak “bere aldetik” egingo du lanen kontratazioa baina lanketa modu “koordinatuan” egingo dute: “Horrek posible egingo du ingurumenaren gaineko eragina apaltzea, baliabideak optimizatzea eta azpiegitura bien operatibitatea nahiz etorkizuneko mantenu lanak hobetzea”. Hala, alde bietako bakoitzak “bere gain” hartuko ditu bere titulartasuneko azpiegituren finantzaketa, kontratzazioa zein mantentze lanak; betiere jarduketen koordinazioa mantenduta”, hala esparru teknikoari, nola ingurumen arlokoari dagokiona. Hitzarmenak “gehienez lau urteko indarraldia” edukiko duela aurreratu dute, iragan uztailean hasita.