Desfibriladore sare berria dute Ereñon
Ereñoko Udalak udaletxe alboko desfibriladorea "prestazio hobedun" batengatik ordezkatu du, eta Gabikan berri bat jarri. Herritarrek, gainera, larrialdietan zelan jardun ikasteko formakuntza saioa jaso ahalko dute.
Argazkia: Ereñoko Udala. Ereñoko Udaletik aditzera eman dutenaren arabera, herriko desfibriladore sarea “berritu eta zabaldu” egin dute, bihotz larrialdiren bat gertatuz gero herritarren esku “baliabide gehiago” jarri asmoz. Aurrerantzean, desfibriladore bi egongo dira udalerrian: alde batetik, udaletxearen aldameneko aterpean zegoen gailua berri batengatik ordezkatu dute, “adigabeekin ere erabil daitekeen” berri bat ipinita; bestetik, Gabikan beste gailu bat instalatu dute, bertako txokoaren sarrera alboan, auzoko bizilagunek “gertuago” eduki dezaten.
Gailu berriek “prestazio hobeak” dituztela iragarri dute, eta, esan bezala, haurrekin erabili ahal izateko doitu dituzte, helduekin ez ezik. Desfibriladore biak ala biak “erdiautomatikoak” dira, eta “behar bezala” seinaleztatutako babes kutxetan daude. Kutxa horiek, gainera, ohartarazpen eta geolokalizazio sistemak dauzkate, larrialdi egoeretan baliabidea “azkar aurkitu eta erabiltzea” errazteko. Gailu berriek, gainera, prestazio hobeak dituzte. Izan ere, helduekin ez ezik, haurrekin ere erabil daitezke. Orain arteko ekipoak helduentzat baino ez ziren egokiak.

Argazkia: Ereñoko Udala.
Formakuntza ere bai.
Gailuak berritzeaz harago, udal taldeak ereñarren prestakuntzan eragiteko neurriak ere ahalbidetu gura ditu. Hain zuzen, bihotz geldialdi baten aurrean “zelan jokatu jakiteko” eta lehendabiziko minutu maiz erabakigarrietan “erantzun egokia emateko gaitasuna” lantzeko saioa bultzatuko du, “prebentzioa indartuz eta herritar guztien segurtasuna hobetuz”.
Jarduketa guztiak 4.320 euroko inbertsioa eduki duela argitu dute udaletik, BEZ aparte; aurrekontu horrek hamar lagunentzako formakuntza saioa ere barnebiltzen du. Saio horretan, desfibriladorea “behar bezala erabiltzeko” jarraibideak jasoko dituzte herritarrek, baita bihotz-birikak bizkortzeko “oinarrizko tekbikak” landuko ere, larrialdien aurrean herriak dituen “baliabideak sendotzen” segitu asmoz.