Andramariak, beti gorriz markaturik
Andra Mari jaiak ospatu dituzte egunotan hala Natxituko, nola Ibarruriko herritarrek.
Argazkia: Natxituko Jai Batzordea. Gernika-Lumoren gerizpean, eskualdearen luze-zabalen badira Andra Mari jaiak goi-goitik ospatzen dituzten beste zenbait herri zein auzo ere. Txikitasunean handi eta auzolanaren ekinez, ospakizun egun bereziak izan dira bai Natxituko, bai Ibarruriko herritarrentzat. Bietan ala bietan, hilaren 14tik 16ra bitarteko hiru eguneko ospakizun egitarauak josi dituzte, denetariko jardueraz osatuta.

Argazkia: Ibarruriko Jai Batzordea.
Ibarrurin, bakailao janaldi herrikoian indarrak hartuz abiatu zituzte andramariak, jaietako bigarren egunak denetarikoak eduki baitzituen. Mezaostean, Baso Txoritxu dantza taldeak euskal dantza emanaldia eskaini zuen lehenik, eta, jarraian, kiroletarako tartea egon zen: izan frontoiko esku pilota partiduak, izan txinga eroate saio herrikoia tarteko. Lilibertsoko kideek bertsoz girotu zuten plaza iluntzez, eta gaualdian txapel jaurtiketarako nahiz Bilbao Anaien erromeriarako unea ailegatu zen, Hi bai hi! musika jartzailearen eta kaltzontzilo zein kulero lasterketa orduko.
Natxituarrek ere hiru egunetan kalea zapaltzeko nahikoa motibo eduki dute. Hilaren 14an, marmitako txapelketagaz eta osteko talde bazkariagaz hasi zuten jaia; zazpi marmita aurkeztu zituzten lehiara, eta bazkaritarako, aldiz, “herriko zein inguruko herrietako” 120 lagun inguru bildu ziren. Bazkalostean, azken urteotan legez, Kittu taldeak girotu zuen mahaigainekoa.

Argazkia: Natxitukue
Arratsaldez, jandakoak ederto jaitsi zituzten, ikurrinaren igoera tarteko: “Herriko zortzi emakumek enbor erraldoi bat ekartzen dute, ikurrina herriko toki jakin batean jartzen da, eta egun horri dagokion Natxituko abestia kantatzen eta dantzatzen dugu”. Gauez, Fuzank taldeak girotu zuen jaia, herriko kidez osatuta. Hain zuzen, azaldu dute proiektu horretako musikarietako bat Naroa Gaintza dela, Amaiur erromeria taldean aritutako herrikidea eta jai batzordeko partaidea; “etxe-etxean” aritu zen, beraz, pintxopotea girotuz.
Andra Mari egunez, txistularien diana edo kalejiragaz abiatu zuten jai egitaraua, nagusiei zuzendutako mezaosteko hamaiketakoa eta bertso saioa orduko. Arratsaldez, umeentzako puzgarriez eta txokolate janaldiaz gozatu zuten; 30 haur inguru bildu ziren plazan, “txokolatea bukatzeraino”. Baita aurten mende laurdeneko mugarria harrapatu duen Lapatzako Igoera-Julen Beaskoetxea Memorialaz ere. Lapatzatik Natxituko herrigunera arteko proba Igoera Herrikoien Ligaren parte da, eta horren erakusle edukitako parte hartzea: 50 lagundik gora animatu ziren lasterka egitera, hiru mailatan banatuta.

Argazkia: Natxituko Jai Batzordea.
Hiru eta zazpi urte bitarteko haurrek 400 metro inguru egin zituzten; zazpi eta hamabi artekoek, 700 metroren bueltan. Azkenik, proba nagusiko parte hartzaileek Lapatzatik Natxitura arteko tartea bete behar izan zuten, alegia,1,9 kilometroko eta 174 metroko desnibeldun ibilbidea. Maila nagusi horretan 39 korrikalari aritu ziren. Gauez, Luhartz erromeriaren zuzeneko musikak girotu zuen jaia.
Hilaren 16a kuadrillen arteko desafioaren eguna da. Bost lagunartek parte hartu dute aurten, eta “pike ederra” egon dela adierazi dute jai batzordetik. Denetariko probak egin behar izan zituzten, herriko kuadrillen dema nork irabaziko ote. Norgehiagokak ahaztuta eta jai giro biribiltze aldera, herri bazkaritarako elkartu ziren natxituarrak; 80 herritar inguru bildu ziren, eta mahaigainekoa Kanaro taldeak kantaldia eman zuten.
Auzolanaren grina.
Natxituko Jai Batzordeak jaien prestakuntzan “gogor lan” eginagatik ere, herritarren “inplikazioa eta elkarlanerako borondatea” azpimarratu gura izan dute batzordekideek. Adibideak argi askoak dira: hamaiketakorako tortillak denek kozinatzen dituzte, txandapasan; txistulariek borondate hutsez egiten dute goizeko diana; zozkatzen diren produktuak herritarrek propio emandakoak dira; jaiak antolatzeko ere, Eako Udalaren laguntza jaso arren, etxez etxe eta auzunez auzune errondak egin ohi dituzte, jaien egitaraua banatzeko eta ekarpen ekonomikoa jasotzeko.

Argazkia: Natxituko Jai Batzordea.
Gainera, batzordekoek aurreratu dute jaietan triparatutakoa izerditan botatzeko aukera paregabea edukiko dutela mendizaleek. Gurutzegane Kultur Elkarteak antolatuta, domeka honetan [abuztuak 23], Natxitukue mendi ibilbidea egingo dute. 21 eta 9 kilometroko aukerak prestatu dituzte; lehendabizikoa 08:30ean abiatuko dute, eta bigarrena, berriz, 10:00etan. Bidean, anoa postuak topatuko dituzte martxalariek.
Izen ematea Natxituko Bolatokian egin beharra dago, hilaren 22a orduko. 12 urtera artekoek 8 euro ordaindu beharko dituzte, eta gainontzekoek, berriz, 12 euro. Ordutegiari dagokionez, izen ematea 13:00etatik 14:00etara edota 19:00retatik 20:00retara artean egin daiteke.