Munduko folklorea eta euskal dantza tradizionala eskutik datoz
Bermeok 38. Nazioarteko Folklore Jaialdia hartuko du abuztuaren 8an, zapatua, 20:30etik aurrera. Aurten ere aire zabalean ariko dira dantzariak, Lamera agertoki dela.
Bermeoko 38. Nazioarteko Folklore Jaialdiaren aurkezpenaBermeoko Udala Nazioarteko Folklore Jaialdia hartuko du abuztuaren 8an, Bermeok. Iaz egin modura, aurtengo jaialdia ere aire zabalean egingo da. Lameran jarri dute hitzordua 20:30ean. 1986tik etenik gabe antolatzen den hitzorduak kulturen arteko topagune izatea lortu du, folklorearen bidez herrien arteko harremanak estutuz eta kultura-aniztasuna balioan jarriz. Besteren artean, Indonesia, Egipto, Martinika Uharteak eta Argentinako taldeak batuko dira.
Aurten, Kolonbiatik etorritako Show Dance – Cuerpos en Movimiento taldeak parte hartuko du. Sabanetako (Antioquia) La Barquereña Kultur Etxeko dantza eskolako kideek osatzen dute taldea, eta urtean 50 emanalditik gora eskaintzen dituzte. Haien ikuskizunak Kolonbiako eskualdeetako dantza tradizionalak uztartzen ditu —Andeetako, Pazifikoko eta Karibeko erritmoak, besteak beste—, herrialdearen aberastasun kulturala eta folklorearen aniztasuna erakutsiz.
Kanaria Handitik dator, berriz, bigarren urtez, Agrupación Folklorica San Cristobal taldea. 1963an sortua, Kanarietako folklorearen erreferenteetako bat da, eta sei hamarkadatik gorako ibilbidean kantu, musika eta dantza tradizionalak zaindu eta zabaltzeko lan handia egin du. Bere errepertorio zabala eta nazioarteko jaialdietan izandako presentzia nabarmena tarteko, Kanarietako kultura tradizionalaren ordezkari nagusietako bat da.
Nazioarteko taldeekin batera, Alkartasuna Dantza Taldea izango da jaialdiko anfitrioia. Mende erdiz euskal dantza tradizionala zaintzen, sustatzen eta belaunaldiz belaunaldi transmititzen egindako lana ospatzeko urtean egonda, Folklore Jaialdia ospakizun horregaz bat egingo duen hitzordu berezia izango da.
Endika Etxebarria Telleria Kultura zinegotziak nabarmendu duenez, «Nazioarteko Folklore Jaialdia Bermeoren nortasun kulturalaren parte da dagoeneko. Urtero munduko hainbat txokotako folklorea gure herrira ekartzen du, eta, aldi berean, gure kultura eta tradizioak partekatzeko aukera eskaintzen du. Aurten, gainera, jaialdia Alkartasuna Dantza Taldearen 50. urteurrenagaz bat dator». Etxebarriak herritarrak eta bisitariak gonbidatu ditu jaialdian parte hartzera: «Kalitate handiko ikuskizuna izango da, kultur aniztasuna eta tradizioa protagonista izango dituena, horregatik, Lamerara etortzera animatu nahi zaituztegu».

Bermeoko 38. Nazioarteko Folklore Jaialdiaren aurkezpena. Argazkia: Bermeoko UdalaBermeoko Udala