Laidak erabiltzaile kopurua bikoiztu du hondartza denboraldiaren lehen erdian
Bizkaiko hareatzetara joan direnen kopurua %1,4 hazi da iaztik; sorospen zerbitzuak 1.500 esku hartze baino gehiago egin ditu, eta lagundutako bainuan 2.600 zerbitzu baino gehiago egin dira.
Ibarrangeluko Laida hondartza Hondartza denboraldia hasi zenetik, milioi bat pertsona baino gehiagok aukeratu ditute Bizkaiko hondartzak. Guztira 1.081.155 pertsonak, iazko aldi berean baino %1,42 gehiagok. Jenderik gehien Ereagan ibili da: 175.726 erabiltzaile izan dira; La Arenan, 160.268; Arriatera-Atxabiribilen, 130.901; Bakion, 76.663, eta Lagan, 72.549. Erabiltzaile kopuruan igoerarik handiena izan dutenak, berriz, La Arena, San Antonio, Armintza, Ogella eta Laidako hondartzak dira; nabarmentzekoa da azken hori, Laida, iaz aldi berean izan zuen erabiltzaile kopuruaren halako bi izan baititu.
Eguzki egun kopuru antzekoa izan da, eta uraren batez besteko tenperatura altuxeagoa, eta baldintza meteorologikoak egonkorrak izan direnez, jendetza ibili da hareatzetan. Horixe jakinarazi du gaur Ingurune Naturala eta Nekazaritza Sustatzeko Sailak.
Sorospen taldeak osasun arloko 1.536 esku hartze egin ditu; iazko aldi berean, berriz, 1.239. Gorabeherarik ohikoenak zauriak (629), salbiroi ziztadak (214) eta erorikoak (151) izan dira. Hondartza denboraldiko lehen aste hauetan, karabela portugesaren 323 ziztada ere artatu dira. Horiez gain, zerbitzuak 55 erreskate egin ditu korronteak direla eta, eta 50 nekearen ondorioz, baita intsektuen ziztadekin, traumatismoekin, lipotimiekin edo gorputz arrotzekin lotutako beste esku hartze batzuk ere.
Funtsezko baliabidea
Bainu lagunduaren zerbitzua funtsezko baliabidea da mugikortasun murriztua edo laguntza beharra duten pertsonek bainuaz segurtasunez goza dezaten. Denboraldia hasi zenetik 2.606 zerbitzu egin dira: 1.698 erabiltzaile elkarte edo egoitzetakoak izan dira eta 908 norbanakoak. Zerbitzu horrek, beste behin ere, Ereaga eta La Arenako hondartzetan izan du eskaririk handiena. Gainera, dagoeneko lau erreserbatik hiru web orriaren bidez egiten dira, eta horrek aurretiko hitzorduaren sistema sendotu egin dela berresten du.
Hondartzak garbitzeko zerbitzuak 159.745 kilo hondakin batu ditu denboraldia hasi zenetik. Haietatik 95.420 kilo itsasaldien eta korronteen eraginez ur ertzean pilatutako hondakinak izan dira; 45.580 kilo errefusaren zakarrontzietan bildu dira eta 18.745 kilo ontzi arinen edukiontzietan. “Zerbitzu horrek itsasoak ekarritako hondakinak zein erabiltzaileek botatakoak batzen ditu eta, horri esker, hareatzak egunero baldintza ezin hobeetan egoten dira herritarrek goza ditzaten”.
Baldintza egokiak
Hondartza denboraldiaren lehenengo erdian 21 eguzki egun izan dira, 23 egunetan eguraldi aldakorra izan da, eta egun bakar batean egin du euria. Uraren bataz besteko tenperatura 21,8 gradukoa izan da ekainetik uztailera bitartean.
Bandera berdea da gehien jarri dena Bizkaiko hondartzetan, 561 alditan; 292tan horia eta 183tan gorria. Horrek esan nahi du hondartza denboraldiko lehen erdian bainurako baldintzak onak izan direla oro har.

Arantza Atutxa Ingurune naturala eta Nekazaritza diputatua. Argazkia: BFA