Helmuga behin betiko konponbidea izan dadin
Sarek eta Etxerate-k deituta, ehunka herritar mobilizatu dira hondartzetako abuztuko urteroko hitzorduan. Azkena izateko desioa adierazi dute.
Eako, Lagako, Laidako, Lekeitioko, Mundakako, Muskiz-Zierbenako eta Ondarroako hondartzetan mobilizatu dira “Behin betiko konponbidea”. Horixe behar dela adierazi dute Sare Herritarraren eta Etxerat-en ekimenez hondartzetako abuztuko hitzorduagaz bat egin duten herritarrek. Ea, Laga, Laida eta Mundaka izan dira, Euskal Herriko beste zazpi hondartzekin batera, mobilizazioaren erdigunea, eta argi aldarrikatu dute aurtengoa azkena izateko desioa.
“Elkarbizitza justu eta iraunkor baterako eskubidea” eskatu dute, bereziki oraindik erregimen itxian dauden 45 presoen —horietako 32 dira EPPK Euskal Preso Politikoen Kolektiboko kideak— egoeran arreta jarrita. Horren aurrean, espetxe legedi arruntaren aplikazioan sakontzeko eskatu dute, modu horretan preso horiek ere askatasuna berreskuratzen hasi daitezen.
“Urte luzez mobilizatu gara abuztuko lehen asteburuan, eta argi daukagu zein den helburua: gaurkoa izatea mobilizazio hau egin behar dugun azken aldia. Horrek erakutsiko lukeelako, legedia arrunta aplikatzera bidean, udan hondartzetan mobilizatu beharrik ez duen euskal gizarte bat”, azpimarratu dute. Sareren eta Etxerat-en iritziz, “iraganeko egoerak gainditu eta elkarbizitzari zein etorkizunari begira jarri nahi bada, ezinbestekoa da oraindik erbestean dauden hamahiru iheslarien eta hiru deportatuen auziak ere konpontzea”.

Mundakako mobilizazioa. Argazkia: Sare Herritarra
Hartara, bakeari, konponbideari eta elkarbizitzari ateak irekitzeko garaia dela aldarrikatu dute pausoz pauso, urte luzez sufrimendu izugarria eragin duen eta oraindik eragiten duen auziari konponbidea ematekoa: “Euskal gizartearen gehiengoa ordezkatzen dugunok argi daukagu hori. Helmugara iristeko nahi eta beharra daukagu; helmuga: denak etxean egongo diren eguna».
Urtarrileko hitzordua. 2027ko urtarrilaren 9an Bilbora joateteko deia egiteko baliatu dute mobilizazioa. “Aurtengoan ahalegina egingo dugu helmuga bat gurutzatu nahi dugula irudikatzeko, euskal presorik gabeko Euskal Herri bat ezagutu nahi dugula aldarrikatzeko”.

Eako mobilizazioa. Argazkia: Sare Herritarra