Aurreakordioa lortu dute Bizkaiko Arrain Kontserba eta Gazituen sektorean
LAB, UGT eta CCOOk aurreakordioa sinatu dute CEBEK patronalagaz. Hitzarmena bost urtez egongo da indarrean (2025/29). ELAk uste du akordioa ez dela nahikoa.
Kontserba sektoreko langileen mobilizazioa Bermeon LAB, UGT eta COCC sindikatuek aurreakordioa sinatu dute CEBEK patronalagaz, Bizkaiko Arrain Kontserben eta Gazituen sektoreko hitzarmenaren negoziazioak urte eta erdi baino gehiago bete dituenean. Akordioa sektoreko langileek egindako greba eta mobilizazioen ostean eta bereziki joan den astean burututako lanuzteen ondoren lortu da.
LAB sindikatuak jakinarazi duenez, patronalak egindako proposamenak aurrerapen garrantzitsuak jasotzen ditu. Ondorengoak, besteak beste: 2028 urtean, hitarmenaren indarraldian, gutxieneko soldata 1.500 eurokoa izango da (21.000 euro urteko); kategoriak berrantolatu eta sektoreko genero-arrakala murrizteko urrats oso garrantzitsua eman da; urteko lanaldia murriztu egingo da; zaintzagaz lotutako baimen eta lizentzietan hobekuntzak egongo dira, errelebu-kontratuan modura. Berdintasunean, lan osasunean eta lan eskubide zein eskubide sozialetan ere aurrerapausoak egongo dira.
Sindikatuak prozesu osoan langileek erakutsitako konpromisoa eta determinazioa nabarmendu ditu: “Proposamen honetan jasotzen diren aurrerapenak ez dira kasualitatearen ondorio. Urte eta erdi baino gehiagoko negoziazioaren emaitza dira, baina, baez ere, gaztazka honetan langileek egindako borrokaren eta greben ondorio zuzena dira. Zuek, langileok, aurrerapausoa eman duzuenean baino ez da patronala bere jarreretatik mugitu. Zorionak sektoreko langile guztiei. Zuen mobilizazioari esker iritsi gara honaino”.
ELAk, bere aldetik, ez du aurreakordioa sinatu, uste duelako ez dela nahikoa. “Plataforma sindikal bateratuaren lehentasun nagusietako bat ABLEen eta kontratazio finko-etenaren erabilera erregularizatzea zen, eta akordioak ez du hobekuntza garrantzitsurik aurreikusten gai horretan. Lizentziei dagokienez, ez da inolako hobekuntzarik aurreikusten sektorean lan egiten duten pertsona migratu ugarientzat”.
Horregatik, ELAk deitoratu du gainerako sindikatuek CEBEKegaz akordioa sinatu izana, nahiz eta bilera horretan patronalak ez zuen lagapen handirik egin. “Patronalak bere helburua lortu du: mobilizazioekin amaitzea eta batasun sindikala haustea”, adierazi du
Akordioa nahikoa ez dela iritzita ere, patronalak onartu behar izan dituen aurrerapenak mobilizazioaren eskutik etorri direla azpimarratu du ELAk. Lortutako lanaldi murrizketa eta lortutako aurrerapenak horren erakusle direla azpimarratu du.